Europako Batzordeak, Ursula von der Leyen buru duen Europako Batasunak, jakinarazi du sare sozial propioa duela jada: WSocial erabiliko dutela. Oso iragarpen bitxia, eta fedibertsoak jada gogor kritikatua.
WSocial enpresa pribatu suediar bat da, eta urtarrilean jakinarazi zen publiko egiten zela: Davosko finantza-biltzarrean, argi gera zedin "maila handiko" kontua zela. Itxura batean Bluesky plataformaren softwaretik garatutako fork edo bariazio bat zen, eta itxura irekia zuen orduan, baina itxura batean martxoan itxi egin zuten Github biltegian zeukaten kode irekia. Badirudi, jada ez dela software librea, edo gutxienez modu itxian garatuko dela.
Eta urtarriletik sei hilabete igaro gabe, pasa den hilean, ekainaren erdialdean, Europako Batzordeak eta Von der Leyenek iragarri zuten horixe izango zela Batzordearen sare soziala, proiektua aurkeztuz ekimen komunitario eta europar bezala. Prentsa-ohar ofizialak zabaldu ziren, eta horietan enpresa suediarreko burua agertzen zen esaten Europako zerbitzu-enpresak eta inbertsoreak erabilita lan egingo zuela aurrerantzean WSocial. Zorte galanta, bestalde, hain enpresa berria izanda Europako Batasuneko aldekotasuna (kontratua ez bada) lortu izana.
Sare sozial estatubatuar (edo txinatar) guztiz ahaltsuen ondoan... itxura batean bada zerbait europar proiektu bat izatea. Helburu logikoa izan liteke Europako Batzordearentzat burujabetza teknologikoa izatea kontu honetan, eta ez bideratu bakarrik jarduna Instagram, TikTok edo X/Twitterretik. Kontua da Europan burujabe izateko aukera logikoagoa izan zitekeela plataforma benetan libre batetik jotzea eta ez txisteratik ateratako enpresa suediar baten eskutik. Hortik etorri da Fedibertsoko ordezkari batzuen haserrea, bereziki Mastodonen propagandista nagusietako bat den Elena Rossinirena. Hona Rossiniren pare bat post kontu honetaz azken egunotan: bat, bi.
Eta, gauza praktikoetara joz... Nolakoa da WSocial? Ba ez dakigu, ze kontsultatzeko ere login egin beharra dago, eta login egiteko berifikazioak eta itxaron-zerrendak eta halakoak omen daude. https://wsocial.news/ eta https://wsocial.eu helbideak ikusi ditugu, baina aurkezpen orri bat dira. Scroll eginda han dabiltza kontu inportante batzuk ageri, hala nola pantaila-irudi honetan ikusi ditugunak, hor dabiltza Londresko alkatea (britainiarrak irten ziren EBtik ezta?) eta Von der Leyen, eta beren mezuek benetakoek dirudite, baina klik eginez gero, ez zoaz mezu zehatza duen URL batera: alta emateko eskaera besterik ez da agertzen.

Gainerakoan, erantzunak, bertxioak eta datsegit-bihotzak ageri dira mezu hauen pantaila-irudietan, baina Rossinik dio fikziozko datuak direla erakusten dituztenak.
Euskal erakundeei dagokienez, burujabetza komunikatibotik urrun daude gehienak, ez badira denak. Espero dezagun erabakitzen dutenean X/Twitter edo Instagram atzean uzteko garaia dela, ba ez direla joango WSocialera baizik eta, euskaraz aritzekotan behintzat, Mastodon.eus-era.
Erantzun
Sartu