Teknologia albisteak

Android telefonoek lurrikara baino segundu batzuk lehenago jaso zuten ohartarazpena Venezuelan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 12:08

Google gauza izan zen joan den asteko Venezuelako lurrikara bikoitzaren ohartarazpena bidaltzeko hainbat herritarrei, segundu batzuetako aurrerapenarekin. Honen inguruko bideo eta albisteren batzuk zabaldu dira joan den astetik, fidagarriak ote ziren zalantza zabalduz, baina The New York Times-ek dio, Google beraren datuekin, egia dela. Marketina ere egongo da tartean, baina egiazkotasun kontua badu albisteak.

Zera da kontua: Android sistema eragilea duten mugikorrek neurgailuak dituzte beren giroskopioetan dardara bat-batekoak detektatzeko. Edozeinek eman diezaioke dardara hori bere mugikorrari, eta horrek ez du bestelako eraginik, baina Googlek sistema bat dauka milaka dardara aldi berean gertatzen badira, hortik ondorioztatzeko gune jakin batean lurrikara izan dela. Dardara sentitzen duten mugikorren jabeak jada lurrikararen epizentrotik oso gertu daude, baina Googleren sistemak alerta automatiko bat zabaltzen du erradio zabalago batean, eta hortaz, kilometro batzuetara lehenago iritsi daiteke Googleren alerta mugikorrera, lur azaletik lurrikararen uhinak iritsi aurretik.

Hemen analisia The New York Timesen. Ohartxo bat dakar albisteak: segundu batzuetako aurre-abisua egon zela, baina horrek inoren bizitza salbatu ote zuen jakitea zaila dela oraingoz.

Honela funtzionatzen du sistemak. Lurrikara gertatzen denean, Android mugikorrek dardara sentitzen dute. Googlek zabaldutako datuen arabera, Venezuelako mapan kokatutako mugikor hauek sentitu zuten lurrikara (puntu horixkak mugikorrak dira):

Goiko mapan, zirkulu urdin eta gorrien inguruko mugikorrek aldi bertsuan sentitu zuten, eta horrek determinatzen du "lurrikara gertatu da" seinale bat Google sisteman, eta nolabaiteko epizentroa ere kalkulatzen da aldi berean. Jarraian, segundu batean edo bitan, sistemak erabakitzen da honelako erradio zabalago batean zabaltzea abisua:

Hortaz, gertatu zen poligono urdinean zeuden mugikorrek jaso zutela abisua, eta epizentro gorritik urrutien zeudenek lehenago jaso zutela ohartarazpena lurrikararen uhin fisikoak baino.

Sistema hau herrialdeka dago garatua, tokian tokiko babes zibileko erakundeekin lotu behar baitu baimena Googlek. 2021n bospasei herrialdetan hasi zen, Grezia eta Turkia tarteko Europan, baina une honetan 100 inguru badira, eta horien artean dago Venezuela.

Erantzun

Sartu