Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek eta Irulegiko indusketetako arduradunek aurkikuntza berrien albistea eman dute gaur Iruñean. Bi hitz alfabeto iberiar/baskonikoz, Irulegiko zeramika piezetan aurkituak. Zeramikak eta markak ez dira aurkitu berriak, baina analisien ondoren eman dute gaur haien berri. Baten garrantzia azpimarratu dute, abaŕ irakurketa eman diote, eta edukiera adierazteko hamar (10) zenbakia izan daitekeela jakinarazi dute,
Piezetako bat estilo italiarrekoa da, eta bertan basi irakurketa aurkitu dute ikerlariek. Pertsona izena izan daiteke, ontziaren jabearen edo etxearen izen laburtua izan daitekeena, azaldu dutenez.
abaŕ irakurketa, bi zati batuta aurkitu dute: ontzi baten gainaldeko ertzaren azpiko partean kokatzen dute errekonstrukzio batean, eta hiru zeinu iberiar-baskonikoz osatua dago; a eta ŕ argiak dira ezker-eskuin (gure irakurketa zentzu berean, Irulegiko Eskuan bezalaxe), eta tartean dagoen zeramika zatikatuan ba bat egon daitekeela uste dute, abaŕ osatuz.
Eta abaŕ hori ontziaren edukiaren seinale izan daitekeela ere azaldu dute, hamar zenbakiaren parekidea agian Joan Ferrer epografistaren hipotesiarekin, zeinak ogei zenbaki iberiarra edukiera jakin baten pareko jo duen ikerlan batean (Kataluniako aurkikuntzak dokumentatuz), orgeirur, orgeikelaur eta orgeiabar bezalako konposatuekin lotuz: 20, 23, 24 eta 30 irakurtzen ahal da hor, eta azkenengo 30ekoan abar-hamar ere bai. Hortaz, urte batzuk lehenagotik datorren tesi baten indargarri da agian Irulegiko hamarrekoa: euskal doinu nabarmeneko numerazioa zuela iberierak.
Iberiera eta euskaraz numerazioan ahaide direlako tesi honek, dena dela, ez ditu komentzitu euskal hizkuntzalari historiko guztiak. Joseba Lakarrak euskarazko barne etimologia berezkoen bidez azaldu izan ditu euskal numeralen izenak, Wikipedian dokumentatuta dagoenez, eta bere garaian Sustatun ere jasoa.

Kontu honi buruz gehiago jakiteko:
abaŕ idatzita duen zeramika piezari dagokionez, ikusgai dago (urte hasieratik izatez) Irulegitik Pompelora erakusketan, Iruñeko Civivox Pompelo aretoan irailaren 27a arte.
Hona azalpen bideo bat, Iruñeko Udalak zabaldua gaztelerazko azalpenekin (irudia hortik atera dugu):
Erantzun
Sartu