Albiste dugu egunotan kexu direla zenbait ikasle, irakasle, ikastetxe eta guraso talde, A ereduan ikasi duten ikasle zenbaiti 0 (zero) emaitza eman dietela euskara eta literatura ikasgaian, USaP esaten den azterketan (Unibertsitatera sartzeko azterketa, selektibitatea), EHUk kudeatzen duena EAEn (Bizkaiko ikastetxe kontzertatu batzuetan gertatu da batik bat nonbait). Hemen albiste bat kontuari buruz, interesa baduzue. Guk hona euskalgintzatik sortutako erreakzio batzuk bildu ditugu.
Ion Ansak Twitterren: "Bat nator unibertsitatera sartzeko azterketak zorrotz berrikustearekin, eskubide hori badute proba egiten duten guztiek. Berrikus ditzatela, aldi berean, beren kolegioetan egindako azterketak eta ateratako emaitzak. Berrikuspena izan dadila osoa." Eta erantzun batean ñabardura gehitu du: "Berrikuspenerako eskubidea dute beti, gai guztietan. Baina, eskatzen ari direna da pribilejioa, bidezidorra, salbuespena. Eta EHUren izena zikintzea, bide batez. Errespetu falta galanta ikasleak ondo prestatzeko lan egin duten eskolekiko!".
Gorka Bereziartuak nabarmendua Mastodonen: "Selektibitateko Gaztelaniako azterketan ikasleei galdetzen zaie ea Machadok poema batean García Lorcaren estiloa imitatzen duen. Selektibitateko Euskara azterketan Lazkao Txikiren bertso baten mezu nagusia laburbiltzeko eskatzen da. Baina ei, zaila bigarrena da." Eta beste batzuek berretsia, nola testu batean esaten den "Durangarra da Amaia" eta gero galderetako bat den, adibidez, "Nongoa da Amaia" (Sustatun agertua aspaldi).
Twiterren anonimo bati irakurria: "Zero hauek oso agerian uzten dutena euskarofobia da. Ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz maila hori erakutsi eta hizkuntzaren ezagutza duela aldarrikatzen duenari, burla egingo litzaioke, ez aitortzarik eman."
Miren Arantzazu Aranzabal Beitiaren iritzia Argian. "Pasa den ostiralean Etxepare lizeoko ikasleek Baxoko froga euskaraz erantzun zuten, azterketak zuzenduak ez izatearen arriskua hartu zuten, jakitun ziren zero bat ateratzeko arriskuan zeudela, baina beraien hizkuntzarekiko atxikimendua erakutsi dute, baita mugiezina zirudiena mugitu ere". Aranzabalek lizeoko gurasoen konpromisoa nabarmendu du bereziki: "Haien gurasoek haurrak ikastoletan eman zituzten duela 15 bat urte, jakinda ere ikasketa amaierako mugarrian trabak izanen zituztela, eta euskaraz ikastearen ekarpena notaz haratago doan zerbait dela erakutsiz". Eta horrekin kontrastatu, A eredukoen gurasoena: "Haien gurasoak, duela 15 urte, euskaraz ahalik eta harreman gutxien zeukan ereduan eman zituzten, A ereduan alegia. Arestian aipatutakoak bezala hautu kontziente eta politiko bat egin zuten, baina kasu honetan euskararen aurkakoa. A ereduak ez du euskalduntzen, telebistan ikusi dugu ikasle horien euskara maila."
Irudia: 0 emaitza Egunean Behin jokoan, gauza zaila lortzen nahita ere.
Erantzun
Sartu