Teknologia albisteak

Gaurdanik Bizum dendetan ordaintzeko erabili omen daiteke

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:23

Gaur aktibatu da nonbait Bizum aplikazioaren bidez dendetako erosketak egiteko aukera. Azken asteetan iragarri dutena gauzatu bada, BizumPay aplikazio nonbait berriarekin, banku batzuetako bezeroek ordaindu ahal izango dute datafonora telefonoa hurbilduz.

Bizum Espainiako bankuek sortutako ordainketa sistema bat da eta gauza sinple baten oinarrituta dago: bankuetan ditugun kontuen arteko transferentziak dira, baina bankuaren IBAN osoa memorizatu eta agendan sartu beharrean, bakoitzaren telefono zenbakia IBAN bati lotuta dago eta orduan "telefono zenbaki batera" egiten dira transferentziak. Sinplea eta praktikoa.

Europan antzeko hainbat sistema daude eta horiek elkarrekin lotzeko lanean ere badaude bankuak. Wero da horrelako kasu bat, Frantzia, Belgika eta Herbereetako ordainketa sistemak bateratzen. Hau posible da Europan SEPA edo Single Euro Payments Area delako sistema ezarri delako.

Dendetan ordaintzeko ordea, dendariak ez du bere telefono zenbakia bere kontuari lotuko, eta aldaketa edo eguneraketa bere datafonoan gertatuko da. Guri dagokigunez, ordainketa egitean telefonoan aplikazio berri bat erabiliko dugu "BizumPay" izenekoa, eta horren bidez egingo dugu ordainketa. NFC teknologiaren bidez, mugikorra hurbilduz datafonora, hala nola Apple Pay edo Google Pay erabiliz egiten den bezalatsu, edo kreditu txartelen hurbilpenarekin bestela. BizumPayri buruzko informazioa osatzekotan dagoela ematen du, eta hau astelehena baino lehenago idazten dugu, eta hortaz, ez dauzkagu datu guztiak eskura, baina badirudi app bat izango dela elkarren arteko "bizumak egiteko" eta beste bat BizumPay hau, apartekoa. Oraingoz, gaztelaniazko informazioa aurkitu dugu BizumPay webgunean baina hori eguneratuko dela espero dugu, ze joan den astean nahiko murritza zen oraindik, eta euskarazkoa, berriz, ba murritza ere ez: bakarrik Bizum ohikoaz informazioa zegoen. 

Enpresabidea euskarazko agerkariak dioenez, oraingoz, izango dute eskuragarri, baina hedatuko omen da. Dendetako datafonoak bankuek jartzen dituzte, eta pentsatzen dugu hor hiru banku horietatik jaso dituztenez aparte, besteek ere izango dutela. Bestela kasualitate bikoitza beharko da erabiltzeko, eroslea Bankinterrekoa izatea eta denda ere bai (nolabait esatearren).

Finantza erakundeen aldetik aldaketa potentziala dago hemen, Visa eta Mastercard sistema globalen bitartekaritza kendu dezakete gainera, SEPA sistema europarraren bidez kudatuz transderentziak. Teorikoki, dendarientzat komisioa jaisteko aukera egon daiteke. Eta Visa eta Mastercard AEBetako izenak tartetik kentzearekin, Google eta Apple ordainketa sistemetatik ere aska daiteke eroslea, nahi badu. 

Estatu Batuetako finantza dependentziak, bereziki digitalak direnean, kontu larria bihur daitezke Europan. Gaur egunean, AEBek pertsona bat etsaitzat hartzen badute, hango agintarien aginduz konektibitate finantzierorik gabe utz dezakete guztiz: erabakia Estatu Batuetan hartzen da, eta Europan dauden Nazioarteko Auzitegi Kriminaleko epaileak geratzen dira Gmail gabe, Amazonen erosketarik egin izanda eta kreditu txartelik gabe (hau gertatzen ari da, bai, irakur albiste hau).

Sistema eta giltzarrapo horretatik askatzea inportantea. Bizum izan daiteke bide bat? Agian. Gehiago ere beharko dira.

Argazkia: HLundgaard Wikimedia Commons, cc-by-sa

Erantzun

Sartu