Joan den apirilean, euskarazko Wikipediak 2024-2027 eperako markatu zituen helburuetako bat lortu zuen: emakumezkoen 30.000 biografiako marka erdiestea. 2027 amaitzetik urrun gaudela, hortik gora doa kontua orain. Boluntarioen ekarpenez lortutako marka da, eta bereziki, boluntario talde antolatu batzuena: WikiEmakumeok taldeen lana dago hor.
Gasteiz inguruan nagusiki gaztelaniaz aritzen ziren wikilari batzuek 2015ean sortu zuten Wikiemakumeok talde originala, baina 2020a, batik bat euskarazko Wikipedia lantzeko Euskal Wikiemakumeok sortu zen, Durangoko talde baten inguruan. Durangoko nukleo horrek beste batzuen eraketa sustatu du, eta jada aurten Euskal WikiEmakumeon I. Topaketa antolatu zuten, elkarren artean lotzeko.
Zenbait talde ari dira gaur egunean: Durango, Arratia, Beasain, Lekeitio, Oiartzun, Ondarroa, Sestao, eta erakundeetara lotuak ere bai UPNAn, Gasteizko Iralen edo EHUn. Herri jakin batekoak baino, eskualde asmo batekin ari dira, eta esate baterako, Oiartzun edo Oarso-Bidasoako taldetik Nafarroa Iparraldera begira ari dira lanean: Nafarroa Garaiko eta Lapurdiko eskualdeetako biografiei begira jarri dira dagoen arrakala txikitzeko asmoz, eta grafiko honek erakusten duen desoreka gainditu nahi dute (artikulua Erran.eus agerkarian):

Eta bai, desoreka txikitzen ari da. Ez da bakarrik 30.000 biografiatik gora egitea, baizik eta proportzioan gizonezkoek duten nagusitasuna txikitzea. 2017an euskarazko Wikipedian % 13koa zen emakumeen presentzia eta 2026an % 36koa da. Azken datu hori ere 2024-2027 plangintzan aurrikusi zena gainditzea izan da, %33 edo herena markatu baitzen helburu gisa. Hona datuen koadroa, apirilaren 20an Wikipediak zabaldu zuen moduan:

Bestalde, hizkuntza guztien artean, emakumeen biografia kopurua absolutuari erreparatuz gero, euskarazko Wikipedia 23. postuan dago.
Gehiago jakiteko eta kontaktatzeko: WikiEmakumeok
Erantzun
Sartu