Carlos Garaikoetxea, frankismoaren ondorengo lehen lehendaria, eta Eusko Alkartasunaren sortzailea, 87 urterekin hil da gaur bihotzeko baten ondorioz Iruñeko bere etxean.
Carlos Garaikoetxea Iruñean jaio zen 1938an. Zuzenbide eta ekonomiako ikasketak egin zituen Deustuko unibertsitatean, eta Londres eta Parisen segitu. Euskara ama hizkuntza ez bazuen ere, ikasi egin zuen. 1975ean Eusko Alderdi Jeltzaleko kide egin zen eta 1977an alderdiko buru, Euskadi Buru Batzarreko lehendakari, izendatu zuten.
1978an Euskadiko Autonomia Estatutua (hiru probintziatarako pentsatua) moldatu zuen batzordeko kide izendatu zuten eta Nafarroako parlamentuko kide aukeratu zuten 1979ko apirileko hauteskundeetan. 1980 eta 1984ko legegintzaldietan Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakari hautatu zuten. Urte hartatik EAJren barruan liskarra pizten hasi zen: batetik EAEko agintaritzaren ikuspegi zentralizatuago bat eta beharbada abertzaleagoa ere bai bultzatu zuen Garaikoetxeak, non alderdiaren nagusigoak hiru foru aldundietan botere gehiago banatu nahi zuen. Krisiaren ondorio izan zen 1986an alderdia zein lehendakaritza utzi zituela Garaikoetxeak. Urte berean, Eusko Alkartasuna alderdia sortu zuen. EAEko lehendakari izandakoek legez kargu izena erabiltzeko eskubidea dutenez, Carlos Garaikoetxea lehendakari izenez tratatua izan zen harrezkero.
1987 eta 1991 bitartean, Europar Parlamentuko diputatu izan zen. 1994ko europar hauteskundeetan, berriz zerrendaburu izan zen ERCrekiko koalizioan, baina porrotaren ondorioz, dimisioa aurkeztu zuen Eusko Alkartasunako lehendakari gisa eta, 1999ko azaroan, politika aktiboa utzi.
Iaz, 2025eko ekainean, Garaikoetxea buru izan zuen lehen Jaurlaritzari omenaldia egin zion egungo Eusko Jaurlaritzak, Imanol Pradales egungo lehendakaria buru zela. Pradalesek goraipatu zuen gobernu hartan egindakoa, eta Garaikoetxea "Euskadiren arkitekto aparta" izan zela gehitu zuen. Carlos Garaikoetxeak berak ere hitza hartu zuen omenaldi hartan: “Etorkizuneko erronkak handiak dira, baina horiek gainditzeko gaitasun handiagoa dugu. Nazio ausarta eta langilea gara. Lankidetza leialetik eta pluraltasunarekiko errespetua oinarri, Euskadi hobea, oparoagoa eta iraunkorragoa eraikiko dugu elkarrekin", adierazi zuen.
Ekaineko ekitaldi hori baino egun batzuk lehenago, harrera egin zion Pradalesek Garaikoetxeari Ajuria Enean, eta ordukoa da argazki hura, Irekia zerbitzuak libreki publiko egina.
Erantzun
Sartu