Teknologia albisteak

Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) proiektua aurkeztu du Euskaltzaindiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2026-05-02 : 10:17

Joan den astean Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) egitasmoaren jendaurreko aurkezpena egin zuen Euskaltzaindiak. Arabako Foru Aldundiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker, azken 60 urteotan Araban gertatu den euskararen biziberritzearen nondik norakoak jasotzen ditu proiektuak.

Beraz, egindako bidea, egungo egoera eta haren biziraupen osasuntsurako baldintzak zein diren bildu eta gizartean zabaldu nahi du EBAk, ezaguera horrek arabarren —esan bezala, batez ere gazteen— euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa areagotu egingo dituelako, bai eta Araba euskaldunaren identitatea sendotu eta ahalduntzen lagundu ere.

Datu estatistikoak jaso dituzte, dokumentazio bibliografikoa ere bai, eta bilduma bat osatu dute hizkuntza biziberritzeko ahaleginetan erabilitako hainbat euskarri bilduta. Kartelak, pegatinak eta gidak katalogatu dituzte, besteak beste.

Sei elkarrizketa bikoitz ere egin dituzte; denera, hamabi ahots: Maria Jesus Aranguren, Pili Aristizabal, Koldo Biguri, Pako Eizagirre, Kepa Enbeita, Rafa Etxegarai, Rikardo Gonzalez de Durana, Lurdes Lekuona, Kepa Mendia, Maite Mendiburu, Felix Razkin eta Blanca Urgell elkarrizketatu dituzte haien testigantzak jasotzeko (bidoetan jaso dira). Besteak beste, garaiko gizarte giroaz, iritziez, jarrerez eta jokaerez, erabileraz eta gaitasunaz aritu dira, eta ez dira 1960 eta 1970eko hamarkadetara mugatu, lehenagoko eta oraingo garaiez ere hitz egin baitute elkarrizketa horiertan.

Laburbilduz, zer jasotzen du EBAk? Hainbat lekuko esanguratsuren kontakizuna, eta, horrez gain, garaian garaiko dokumentazioa eta agiriekin datu base bat ere sortzen ari da. Bestalde, Iñaki Iurrebasok Arabaren egoerari eta bilakaerari buruzko datu demolinguistikoekin beren-beregi landutako atal bat sortu da.

Gehiago jakiteko: Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) 

Erantzun

Sartu