Teknologia albisteak

ZestoaUrepele.eus: Zestoa iparralderago dago Urepele baino

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 11:42

Gaur aurkeztu da ZestoaUrepele.eus webgunea, Zestoa eta Urepele senidetu zirenetik gauzatu den proiektu bat publiko egiteko: bi herrien arteko bidea dokumentatzen duen baliabide bat da hau. Ibilaldi eta ikustaldien bidez Gipuzkoako eta Nafarroa Behereko herri hauen eta herritarren arteko lotura adierazteko modu bat da.

Bide bat… edo bideak. Uztapide bidea eta Xalbador bidea dira dokumentatutako ibilbideak, tarte komunak dituztenak, baina toki desberdinetatik doazenak. Izen ezagunak eman zaizkie bideei. Bi bertsolari eta idazle handi izan ziren, Fernando Aire Etxart Xalbador, eta Manuel Olaizola Urbieta Uztapide, bi herriotako semeak, elkarren adiskide handiak.

Uztapide bidea izango zen bide nagusia, 5 etapatan, 120 kilometroko bidea egiten duena. Bestea, Xalbador bidea, mendian gehiago zailduta daudenentzat: 4 etapatan 113 kilometro. Uztapide bidea zertxobait luzeagoa izanagatik, erosoagoa da eta azken-aurrekoa ezik beste etapa denak herrietan amaitzen dira (Andoain, Goizueta, Labaien, Artesiagako lepoa eta Urepele).

Datu bat agian bitxi, erreparatu bi bideak marraztuta dituen goiko mapari: Zestoa iparralderago dago Urepele baino.

Bide bakoitza bi norabideetan dago dokumentatuta, datu teknikoekin eta formatu desberdinetan jaitsi daitezkeen fitxategiekin, GPS edo mugikorretako aplikazioekin mendian ongi joateko. Mapa bistak OpenStreetMap proiektuko mapa libreak dira, euskarazko kartografiarekin.

Webgunea prestatu du CodeSyntax enpresak, Sustatu egiten duen berak. Zestoako Udalarekin elkarlanean garatu da, eta aurretik egin zen antzeko beste proiektu baten oinarria hartuta apailatu da: Mugak Zubi webgunea, Antzuola eta Aiherra senidetzen dituena, hori ere Gipuzkoa eta Nafarroa Beherea lotzeko bide bat.

Ikusi https://zestoaurepele.eus/ 

Erantzun

Sartu