Teknologia albisteak

Ingalaterrako kostaldea (edo Euskal Herrikoa) ezin daiteke neurtu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2026-04-16 : 08:45

Duela urte batzuetatik eraikitzen ari diren proiektua da, baina orain erregearen izena eman diote: King Charles III England Coast Path, Charle III.a erregearen Ingalaterrako Kosta Ibilbidea. Martxoan Charles III.a Erresuma Batukoak inauguratu zuen zatiarekin, bideak bere 4.247 kilometro posibleen %80a irekia du jada. 4.247 km diogu, hori delako ibilbidearen luzera, baina beste kontu bat da zenbat neurtzen duen Ingalaterrako kostak... ezin ebatzizko paradoxa bat, "Kostalde lerroaren paradoxa" deritzona.

BBCko albiste honek jarri gaitu kostaldeko ibilbidearen kontuaren gainean: Zergatik den ezinezkoa Ingalaterrako kosta neurtzea. Kontu da kostako ibilbidearen luzera 4.247 km izan arren, ez dagoela esaterik zenbat kilometro edo milia diren egiazki. Erresuma Batuaren datu argitaratuari erreparatu diote BBCkoek, eta bi eskuliburutan ematen diren zifra guztiz desberdinak aipatzen dituzte: CIA World Factbook liburuak dio EBren kostaldea 12,429 km luze dela, baina The World Resources Institute delakoak dio 19.716 km direla. Ez da diferentzia txikia, 7.242 km-koa baizik!

Noski, kostalde edo ertz irregular bat neurtzearen kontua dago koxka, 20. mendeko zenbait matematikarik aztertu duten problema, eta Kostaldearen Paradoxa esaten zaio, BBCren artikuluan dioten bezala. Eta Wikipedian euskaraz ere badugu azaldua: kostalde lerroaren luzera berau neurtzeko metodoaren araberakoa da. Lur-masa baten azalerak neurri erabat ezberdinetako elementuak dituztenez (ehundaka kilometrotakoak edo milimetro bat edo gutxiagokoa, zeuk aukeratu), ez dago neurtu beharreko objektu txikienaren tamainaren neurri jakinik. 

Wikipediatik bertatik grafikoa, eta bere azalpena. 

Britainia Handia uhartearen kostaldea 200 kilometroko eskalan neurtuta (ezkerrean), kostaldearen luzera 2.400 kilometro ingurukoa da. 50 kilometroko eskala txikiago bat erabiliz (eskuinean), luzera 3.400 kilometrokoa da. Gero eta eskala txikiagoa erabiliz, neurketa zehatzagoa izanda, neurketa luzerak kilometro gehiago emango ditu.

Euskal Herriko kostaldeak (Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdikoak), aldiz, ze estimazio ote ditu? Euskarazko Wikipediak 250 kilometro inguru dela dio, baina ez dakigu zein eskalatan neurtuta edo zein erreferentzia erabilita esaten den hori.

Eta gero itsasaldiak hartu behar kontuan!

Charles erregearen ibilbideari dagokionez, hemen informazio ofiziala, eta mapa ere itsatsita duzue. Ez da bide bakar eta jarraitua, Ingalaterraren kostako lerroa Galesek eteten baitu ekialdean. Britainia Handiko uharte osoari buelta ere ez da, noski. Zortzi ataletan dago banatuta, eta hegoaldeko 5.ean salto ere egiten du Wight uhartera.

Erantzun

Sartu