Bihar egun historikoa izan daiteke espazioaren esplorazioan, hamarkada luzeetako itxaronaldiaren ondoren NASAren Artemis II misioa jaurtitzeko prest baitago. Ez da nola-halako bidaia, 1972ko Apollo 17 misioaz geroztik gizakia Ilargiaren ingurura eramango duen lehenengo misio tripulatua baita. NASAren "Ilargirako itzulera" planaren bigarren urrats nagusi honek aurreko Artemis I misioaren arrakasta du oinarri, orduan Orion ontzia hutsik bidali baitzen dena ondo zebilela ziurtatzeko. Biharkoan, ordea, lau astronauta joango dira barruan: Reid Wiseman, Victor Glover eta Christina Koch estatubatuarrak eta Jeremy Hansen kanadarra.
Hamar egun inguru iraungo duen misio honetan astronautek ez dute Ilargian lur hartuko, hori Artemis III misiorako gordetako mugarria baita. Hala ere, gure satelitearen inguruan bira eman eta gizakia Lurretik inoiz baino urrutiago eramango dute, espazio-ontziaren bizigaitasun-sistemak muturreko baldintzetan probatuz. Misio hau funtsezkoa da etorkizuneko segurtasuna bermatzeko, SLS (Space Launch System) suziria eta Orion kapsula tripulazioarekin seguruak direla frogatu behar baita berriz ere Ilargian lurreratu aurretik. Horrez gain gainera, lehen aldiz, ilargira emakume bat eta pertsona beltza batek bidaiatuko dute.

Biharko jaurtiketa mugarri garrantzitsua da, Ilargian base egonkor bat eraikitzeko eta, hemendik urte batzuetara, esplorazio bide berriei ateak irekitzen dizkielako. Jaurtiketa Floridako Kennedy Espazio Zentrotik egingo da eta Euskal Herriko orduan 00:24 direnean zuzenean jarraitu ahal izango da. Jaurtiketa-leihoa irekitzearekin batera, Europako Espazio Agentziak (ESA) eta NASAk zuzeneko streaming-a eskainiko dute haien webgune eta YouTube kanalen bidez: https://www.youtube.com/@EuropeanSpaceAgency
Biharko misioa arrakastatsua bada, gizateria urrats bat gertuago egongo da berriz ere zeruko gorputz batean lurra zapaltzeko. Berandu arte iratzarrik geratzeko arazorik ez badaukazue, adi egon pantailei!
Erantzun
Sartu