Adaki euskal enpresak Adoberen InDesign maketazio programarekin funtzionatzen duen euskarazko hitz-banaketa edo mozketarako plugina garatu du. Sarean dabiltzan Adobe produktuen artean, Adobe Creative Cloud eta MacOS sistemen arteko elkarrekintzan probatu dute. Doan eskaintzen du plugina Adakik, formularioa betetzea eskatzen dute hemen, jaso ahal izateko.
Hitz-banaketaren kontua zera da: maketazioan lerro amaierako hitz mozketa egitea tokatzen denean, marratxoa ondo sartzea. Ohiko hitz-mozketa honela gertatu ohi da euskarazko testuekin:
Arkatz urdina beltza baino mot-
zagoa da.
Non eta euskarazko silaba banaketak eskatzen duen:
Arkatz urdina beltza baino mo-
tzagoa da.
Interneten honek ez du eragin askorik zeren hemen testu justifikazioa ez dago justifikatuta, baina paperezko euskarrian bai. Euskarazko testu ugari duten argitalpen-proiektuetan, hala nola udal-aldizkarietan, barne-buletinetan, tokiko egunkarietan edo urteko memorietan, erabilgarri izan daiteke beraz Xuxenki.
Adakik jakinarazi duenez, Xuxenen oinarrizko kodea (IXA taldeak eta Elekak jatorrian garatutako zuzentzailea) eguneratu dute Adobe Creative Cloud (CC)ren egungo bertsioekin guztiz bateragarria izan dadin. Plataforma horren bidez erabiltzen da InDesign, maketazio programa erabilienetakoa gure inguruan. Adakik dioenez, "silaba-banaketa motorra lan-ingurune modernoetan ezin hobeto dabilela bermatzen du".
Maketazio elebidunetan ere erabil daiteke Xuxenbki, betiere paragrafo-estiloak eta testu-bloke bakoitzaren hizkuntza behar bezala konfiguratzen badituzu. Gomendagarriena da Xuxenkiren hitz-banaketa euskarazko testu-estiloei soilik aplikatzea, eta gaztelaniazko testuetan InDesignen ohiko konfigurazioari eustea.
Erantzun
Sartu