Teknologia albisteak

Apezpiku espainiarren ezkontza jokoa (ez euren artekoa, ondo uler bedi)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:03

Espainiako apezpikuen biltzarrak (Espainiako hierarkia katoliko nagusiak) bideojoko bat jarri du sarean "ezkontzak sustatzeko" edo. Ez apezpikuen arteko ezkontzak, baizik eta besteon ezkontza heterosexualak. Jokoko pertsonaien irudiengatik esan liteke haurren ezkontza ez ote den, baina ez dugu uste hori denik intentzioa. Online jokatu dezakezue hemen: Level Up! El juego de dos (izen bitxi hori jarri diote). Badirudi aste honetan egin dute jokoaren sustapenak gaurko egunerakin duela erlazioa; San Balentin edo maiteminduen egunarekin. Aterako diote meme bat edo beste, pronostikatzen ahal dugu.

Jokoa jokatu dutenek diotenez prozedura Los Sims-en antzekoa da, baina askoz aukera gutxiagorekin. Istorio bat dago, mutil eta neska gaztetxo batzuk, elkar ezagutzen dute eta haien arteko harremana garatzen doa. Maila edo pantailetan aurrera egiteko zailtasunak gainditzea da koxka, jokoan eta bikote-bizitzan, helburua ezkontzea delarik azkenan. "Ezkontza abenturarik epikoena delako", diosku jokoko testu batek.

Uso bat agertzen da tarteka pantaila, eta pertsonaiei jokorako balio diezaieketen dohaintzak uzten ditu jausten. Maitasunerako edo ezkontzara abiatzeko bertuteak dira, pazientzia, apaltasuna edo enpatia... Jokoan oker ibiliz gero, ez ditu "bizitzak" galtzen (eskerrak!), baizik eta "inozentzia", eta berriro hasi behar duzu. Asmatu eta ezkondu arte.

Jokoa Espainiako eliza katolikoaren Matrimonio es+ ekimenaren parte da, Salamancako Pontifize-Unibertsitateko publizitate klaseetako ikasleek asmatu dute.

Probatu nahi duenak hemen du: Level Up!.

Erantzun

Sartu