Teknologia albisteak

Txaranga.eus, Tolosako inauterietan ez galtzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:54

Txaranga.eus garatu dute Tolosan bertako Inauterietan txaranga jakin bat non dabilen ikusteko. "Inauterietan behin baino gehiagotan galdu izan dugu txaranga bistaz… 'Non dabil txaranga?' izan ohi da kaleko ohiko galderertako bat", diote garatzaileek, eta horri irtenbidea emateko sortu dute Txaranga.eus, Tolosako txarangak denbora errealean mapan ikusteko aplikazioa. Webgune bat da, baina mugikorrean app gisa ikuskatzen da.

Ostegun Gizenetik aurrera, etzi, Txaranga.eus-ek Tolosako mapa erakutsiko du zuzenean (orain ere bai baina mapa hutsik dago), eta bertan “emoji” batzuekin agertuko dira une bakoitzean kalean dabiltzan txarangak. “Emoji” bakoitza txaranga bat da, eta mugituko da haiek mugitzen diren heinean. Denbora errealean eguneratzen da kokapena era zehatzean. Horrela, modu erraz batean jakin dezakezu zein txaranga dabilen gertu eta norantz doan.

Inauterietaran ikusiko da martxan, beraz, baina Kaldereroen eguna izan zuten duela aste batzuk Tolosan, eta orduan testeatu zuten, ondo zebilela ikusteko.

Ioritz Alberdi, Julen Aranzabal eta Aitzol Garmendia tolosarrek sortu dute Txaranga.eus eta Tolosako udalaren babesa izan du ekimenak.

Erantzun

Sartu