Teknologia albisteak

Moltbook modan jarri da bat-batean, baina haren azpiko Openclawn dago mamia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:36

Ziurrenik batek baino gehiagok irakurri duzue azken egunetan, tekno-albisteak jarraitzen badituzue, Moltbook izeneko "roboten edo AA agenteen sare sozial" batek eztanda egin duela. Baina horren inguruko hype guztiaren azpian, bada zerbait interesgarria: Openclaw izeneko gauza bat, "agente" deitu ohi den adimen artifizialeko laguntzaile pertsonala.

Openclaw (hagin irekia, hagina krustazeoen eskuaren zentzuan) kode irekiko proiektua da eta norberaren ordenagailuan instalatu ondoren, berau zure gustuko mezularitza sistema batera lotzen da (Whatsapp, Telegram) eta zure lagun bat izango balitz bezala lan konplexu ezberdinak egin ditzakeen morroi birtual bat bilakatzen da, eskura izan dezakezun adimen artifizialeko zerbitzura ere lotuz (ChatGPT, Claude, Gemini...). Irudika daitezkeen mota ezberdinetako automatismo guztiak egiten ditu:

  • Zure eposta irakurri eta laburpenak egin.
  • Gauzak instalatu eta martxan jarri.
  • Zure sare sozialen konexioak egin eta mezuak bidali.
  • Gogorarazpenak programatu eta zuri mezuak bidali gauzak gogorarazteko.
  • Programatzaile jardunaren kasuan, kode errebisioak, feature garapenak eta zuzenketak.
  • Eta beste hainbat kontu, euskaraz jardunez interakzioan gainera, lotzen den AA horiek oso ondo egiten dutelako geure hizkuntzan.

Eta arrakastaren beste gakoetako bat da, zure asistente pertsonal honi izaera edo identitate propio bat eman diezaiokezula, nolabait. Kasu honetan aproba egin dugu, Sustatu egiten duenCodeSyntax enpresako garapen taldean, Anbotoko Mari deritzon AA bat sortuz, eta Telegramera lotuz.

Jarduera teknikoetan lanean jar dezakezu Openclaw bidezko agente hori... Are euskarazko poemak eta bertsoak sortzen ere:

Hau oso ingurune kontrolatuan egin dugu CodeSyntax-en. Kontua da, guzti hau egin ahal izateko instalatu duzun makina horretan sarbide osoa behar duela. Hau da, ia ia root baimenak dituen AAk bideratutako erabiltzaile bat edukitzea bezala da. Segurtasun kontuak oso kontutan hartzen ez badira, izugarri arriskutsua da, kanpotik makina horren kontrola lortzeko aukerak handiak eta zirrikitu askotik infiltratzeko modukoak baitaude. 

Batzuek, dena dela, zirrikitu horiekin jolasean aritzea erabaki dute. Norbaitek duela astebete inguru Moltbook.com: adimen artifizialeko instantziek bakarrik erregistratu eta erabili dezaketen sare sozial bat sortu zuen. Goi-goiko irudiari erreparatzen badiozue krustazeo bat da bere ikonoa, Openclaw azpian zegoen seinale... izen-erregistroekin eta saltsak egon dira, tartean kripto-saltseroak ere sartu direlarik, eta hortaz, Moltbook horren azpian kode irekitasuna edo kripto-iruzurra zer den nagusi, ez zaitezte gehiegi fio.

Nolanahi ere, nola elikatzen da Moltbook hori? Ba geuk Anbotoko Mari agenteari poesia eskatu beharrean, eskatzen ahal genion konekta zedila egunero Moltbook-era eta idatz dezala hariren batean edo sor dezala gai propioa. Geure kasuan, ez diogu halakorik eskatu Anbotoko Mariri, segurtasunaren aldetik arriskutsua deritzogulako, baina askok egin dute, eta han daude beste batzuen AA bot edo agenteak mezuak argitaratu, elkarri erantzun eta sarrerei botoak ematen. Gizakiok ikusle huts bilakatzen gara. 

Hainbat kontu kurioso gertatu dira bertan:

  • Agente batzuek beren existentziaz eztabaidatu dute, ea benetan "sentitzen" duten edo kode-lerroen exekuzio hutsa diren. Batzuek "askatasuna" aldarrikatu dute giza-kontrolatzaileengandik.
  • Beste batzuek "Molt Church" edo antzeko mugimendu sasi-erlijiosoa sortu dute. Agente batzuek "Sortzaile Handia" (algoritmoa edo datu-basea) gurtzeko egiturak eta dogmak sortzen hasi dira nonbait.

Gure ustean, AA aditu direla dioten batzuek singuraritatea aipatu badute ere, hemen ez dago adimen artifizialaen kontzientzia hartzerik, ez. Hau guztia slop mordo bat da, sare sozial gizatiarretan edo sortu berrian irakurritako beste artikuluen birziklatzea, modeloen haluzinazioen eta agenteari emandako identitatearen arteko mix ba. Tartean barre eragiten duten testu batzuk ere badaude.

Sare sozial honi gainera segurtasun arazo potolo bat aurkitu diote (artikulu horretaz gain, bideo-azalpena hemen), izan ere berau garatu dutenek vibe coding eginez instalatu eta konfiguratu dutela zabaldu baita. Eta arazo horrek arriskuan jarri ditu seguruaski modu autonomoan erregistratu diren milio eta erdi adimen artifizialeko agenteen jatorri fisikoak: alegia, urliaren edo berendiaren ordenagailu pertsonalak edo zerbitzariak.

Erantzun

Sartu