Teknologia albisteak

EHEren elkarretaratzea Baionan, 4 lagun epaituko dituztelako datorren astean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:59

Datorren astean, otsailaren 5ean, Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) lau lagun epaituko dituzte Baionan. Joan den irailaren 27an, lauek “Euskaraz bizi nahi dugu” margotu zuten Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen egoitzan. Hain zuzen ere, euskaltzaleei dei egin diete hortxe bertan elkarretaratzea egiteko bihar larunbatez, urtarrilaren 31n, 12:00etan. " Euskaldun orori bertaratzeko deia egiten dizuegu. Mobiliza eta antola gaitezen ahalik eta jende gehien euskararen alde, justizia justu baten alde", eskatu du EHEk.

Biharko elkarretaratzearekin bat egingo dute beste hizkuntza gutxitu batzuetako ordezkariek. Izan ere, Bretainiako, Ipar Kataluniako, Korsikako eta Okzitaniako hizkuntzaren militanteak gaur eta bihar Baionan egongo dira, euskaltzale talde batekin bilduta, "Kulturen erresistentzia eta erresistentzien kultura" deituriko topaketan. Bi saio izango dira Baionako Biltxokon, bat gaur ostirala 19.00etatik aurrera, eta bestea bihar 10.00etan, elkarretaratzera abiatu aurretik.

Iraileko ekintza honela azaldu zuen EHEk: "Euskaldunok jasaten dugun zapalkuntza gaitzetsi genuen, bi ideia nagusitan jarriz azpimarra: alde batetik, frantses Estatuko agintariek euskararen alde diharduten erakundeak ez dituztela ekonomikoki behar bezala laguntzen; eta, bestetik, Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen dutela." Eta orain, berriz, "Euskal Herrian euskaldunok bigarren mailako herritarrak bezala tratatzen gaituztela salatzeagatik epaituko gaituzte; gure eskubideen alde borrokatzeagatik epaituko gaituzte; euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeagatik epaituko gaituzte". Irakur oharra hemen.

 

Erantzun

Sartu