Ainhoa Albisu Larrea 'Berria' egunkariko langilea hil zen atzo Donostian, 58 urterekin, Berriak berak jakinarazi duenez. Euskaldunon Egunkaria sortu zuen lantaldean egon zen Albisu, eta han jardun zuen lanean egunkari hura itxi zuten arte. Egunkariaren auzi ekonomikoan auzipetu zuten gero, 11 urteko estuasuna ekarri zion prozesuan, baina berak Berrian jarraitu zuen lanean.
Egunkariaren sorreran, 1990. urtean, diseinatzaile eta maketatzaile lanetan egin zuen lan Ainboa Albisuk hasieran, eta administrazio alorrean gero. Azken jardun horregatik auzipetu zuten gero.
2003ko otsailaren 20an itxi zuten indarrez Egunkaria, eta auzibide bat hasi zuen Juan del Olmo epaileak ETAren eta Egunkaria-ren artean harremana zegoelakoan. Auzibide hori epaiketara iritsi zen eta 2010. urtean absolbitu zituzten han akusatutakoak, baina 2003ko urrian, ustezko delitu ekonomikoengatik beste auzibide bat ere hasi zuen Del Olmok, eta horrek aurrera egin zuen. Zortzi lagun egon ziren auzipetuta atal ekonomiko auzian, horien artean Ainhoa Albisu. Gainerakoak izan ziren Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubeltzu ziren. Goiko argazkian, elkarretaratze batean, Txema Auzmendi eta Ainhoa Albisu ageri dira pankartari eusten.
Fiskaltzak 128 urteko kartzela zigorra, eta 221 milioi euroko isuna eskatu zuen pertsona horientzat. Une batean, Gipuzkoako Lurralde auzitegiak eta Donostiako Zigor Epaitegiak kausaren artxiboa erabaki zuteb, baina Espainiako Fiskaltzak helegitea jarri zuen, epaiketa egitea nahi zutelako. Donostiako Auzitegiak auzia preskribituta zegoela ebatzi zuen ondoren, eta fiskalak beste helegite bat jarri ondoren, azkenean Lurralde Auzitegiak arrazoia eman zion Donostiako epaitegiari eta behin betiko itxi zuen auzia, 2014ko urrian. Albisu eta besteak 11 urte egon ziren kinkan Euskaldunon Egunkarian lan egiteagatik urte luzetako kartzela zigorra jasoko ote zuten.
Jendeari irekitako beila gaur (osteguna 22) izango da Donostiako Zorroagako tanatorioan, 9.30etatik 13.30etara eta 16.00etatik 20.00etara.
Erantzun
Sartu