Teknologia albisteak

Ikastolen Elkartearentzat izen eta irudi berriak: IKASTOLAK

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-09-26 : 09:51

Orain arte Ikastolen Elkartea izan dena, IKASTOLAK izenez eta irudi berriz hornituta aurkeztu zen atzo, eta webgunea ere berrituta dute jada: Ikastolak.eus

Ikastetxeen elkarteak honela azaltzen ditu erabakiak logoari dagokionez:

  • Izar itxurako ikurrak sarea irudikatzen du, horixe baikara: ikastola bakoitzean komunitate bat, saretuta; eta Euskal Herriko ikastola guztien artean beste komunitate bat, hura ere saretuta. Ikastolak.
  • Hitz hasierako 1 horrekin, bat garela esan nahi dugu. Zazpiak bat. Edo 115ak bat. Historikoki erakutsi dugun ausardia ere jasotzen du i hizkiaren ordez, zenbaki bat sartzeak. Eraldatzaileak gara, geure burua eraldatzeko prest gaudelako.
  • Amaierako -k horrekin plurala egiten dugu, gure arteko aniztasuna aldarrikatuz, eta aldi berean kolektibo bat garela erakutsiz. Asko gara, ezberdinak gara. Denok gara ikastola.

Erakunde izena ere IKASTOLAK da orain. Honela azalduta kasu honetan: "IKASTOLAK da ikastolen mugimendua izendatzeko erabiliko dugun hitza, Ikastolen Elkartea ordezkatu duena. IKASTOLAK hitzak berak deskribatzen baitu ongien gure komunitatea, 115 ikastolak, 46.000 familiak, 55.500 ikaslek, 3.700 langilek eta milaka ikastola lagun eta ikastolazalek osaturikoa." Detaileak hemen.

Beren komunikazioan letra larriz bereiztuko den arren, zaila izango da hedabide eta abarrentzat IKASTOLAK erabiltzea, sigla bat balitz bezala hala nola UEMA edo AEK. Gainera, beste ikastola batzuk badira Ikastolen Elkartekoak ez direnak. Ikastola jakin bat Ikastolak-ekoa dela esan beharko da? Ikastoletakoa? IKASTOLETAKOA letra larriz? Ikastolen Elkartea izena iraungitzat eman behar da?

Gogoratzeko, hona Ikastolen Elkartearen logo iraungia:

Erantzun

Sartu