Teknologia albisteak

Aitor Garcia Rey informatikariaren heriotza

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:39

Joan den asteazkenean hil zen Gueñesen ustekabean Aitor Garcia Rey (Barakaldo, 1979) informatikari bizkaitarra. Interneteko eta bizitzako ekintzaile, oso ezaguna Euskal Herriko programatzaileen eta Interneteko mundutxoan.

Ruby programazio lengoaian garatzen zuen bere lana nagusiki Aitor Garcia Reyk, baina kodea baino gehiago, ekintza eta ideiak ziren lan-materiala. Linking Paths Interneteko garapenetako enpresa sortu zuen 2007an, eta 2009an Jositajosi proiektua, Begoña Estibaliz emaztearekin, artisautza pertsonala saretik (ere) saltzeko ekimen bat. 

Datuen irekitasunaren eta gardentasunaren aldeko ekintzailea ere izan zen. Pro Bono Publico izeneko Espainiako datu irekien aldeko ekimena bultzatu zuen 2010eko jamarkadaren hasieran, eta besteak beste, Eusko Legebiltzarrak modu trakets samarrean argitaratzen zituen datuak erraz kontsultatzeko Parlio.org tresna sortu zuen. Verkami crowdfunding plataformaren lehen kodetzaile eta sortzaileetako bat ere izan zen, eta haren garapenean ere jarraitu zuen. Azken urteotan Devengo fintech (finantza teknologiak) enpresan ari zen lanean halaber.

Islandiara joan zen bizitzera emaztearekin, eta han egin zituen zenbait urte. Baina Euskal Herrira itzuli zen Gueñesera, aparteko gaitasunak dituzten haurrentzako eskola bat baitago bertan (Osotu Lanbarri), semea hantxe hazi nahi zutelako gurasoek, Euskal Herrian, eta haurrarentzako hezkuntza-ibilbide egoki batekin. Aitorren azken borroketako bat Osotu ikastetxea irekita mantentzearen aldekoa izan da (hemen agerpen bat hedabideetan udan), irauteko zailtasunekin aurkitzen baita une honetan.

Bere bizitzaren gora-beherak, profesionalak eta gainerakoak, partekatzeko ohitura izan zuen Aitor Garcia Reyk, sareetan eta bere webgunean. Han 2023ko eta 2024ko gorabeherak laburtu zituen ingelesez. Ez da iritsi 2025ekoak kontatzera. 

Argazkia Aitorren Twitter kontukoa da, non bere senitartekoek jakinarazi zuten heriotzaren albistea.

Erantzun

Sartu