Teknologia albisteak

Control Z plataforma, Altxa Buruaren ildotik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-08-04 : 14:16

Espainiako Estatuko erakunde pediatra, neurologo, psikologo eta psikiatra elkarte nagusiak batu dira, hiperkonexio digitalaren pandemia salatzeko. Internet eta sare sozialek deseskalatze digitala behar dutela iritzi diote, eta ideia hori erreibindikatu eta zabaltzeko Control Z plataforma sortu dute.

Bizi dugun hiperkonexio digitala osasun publikoko “arazo oso larria” dela eta haur eta gazteen osasun mental eta fisikoa “larriki kaltetzen” ari dela ohartarazi dute Control Z-koek, hainbat ikerketak hori baieztatzen dutela aipatuz.

Espainiako Pediatria Elkartearen gomendioak segi daitezela eskatzen du Control Z-k:

  • 0-6 urte artean pantailarik ez.
  • 7-12 urte artean gehienez ordubete egunean (eskola eta etxea, biak barne hartuta)
  • 13 urtetik aurrera gehienez bi orduko kontsumoa egunean.

Euskal Herrian bada mugimendu bat (Altxa Burua) antzeko desintoxikazio digitala eskatzen duena adin txikikoentzat, bereziki ikastetxeetan. Altxa Buruaren arabera, mugikorrak eskoletatik kanpo utzi direnean ebidentzia zientifikoek erakutsi dute hobekuntza garrantzitsuak gertatu direla hezkuntzan. Adibidez, irakasleen eta ikasleen eginbeharrak hobetu dira, arreta gaitasuna hobetu da, ziberjazarpenaren aurrean hobekuntzak izan dira, mugikorrarekiko dependentzia jaitsi da, PISA informeetan gora egin da, jarduera fisikoa areagotu egin da eta ikasleen hartu-emanak sustatu egin dira.

Erantzun

Sartu