Joan den astean aurkeztu zuen Europako Batasunak EU Open Source Solutions Catalogue delakoa, Europako Batasuneko Software Irekiko Soluzioen Katalogoa, nolabait itzulia. Zerbitzu publikoetan erabil daitezkeen software libreko produktuen biltegi bat da, berrerabilpena bultzatzeko, eta Europako erakundeek teknologia-autonomia izan dezaten, ze premia pixka bat badago Estatu Batuetan oinarria duten erraldoi teknologikoekin dugun morrontza kontuan izanda.
640 proiektu omen daude une honetan, Frantziako Awesome CodeGouvFr delakoa barne. Baina beste estatu batzuk ez dira ageri... Hala ere, aurretik bazen beste ekimen bat antzeko funtzio batekin, "JoinUP" izenekoa, eta errepositorio haren bertsio berria dirudi OSS Catalogue honek. Dena dela, JoinUP hartan bazegoen Espainiako ministerioen arteko CTT ekimena eta Eusko Jaurlaritzako Tekgunea, antzeko funtzioa duten biltegiak.
OSS Catalogue honen bilatzailea hemen duzue. Adibide bat bilaketarena, Plone azpiegitura bilatuta.
Informazio gehiago, joan den asteko prentsa-ohar ofizialean.
Erantzun
Sartu