Teknologia albisteak

TikTok sareko gazteentzako Bziber lehiaketa abian da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:59

Gaurtik hasita eta maiatzaren 1era arte egongo da martxan Bziber lehiaketaren zortzigarren edizioa. Azkue Fundazioak gazteak eta sareak euskaraz ehuntzeko helburuarekin egindako TikTok sareko lehen euskarazko lehiaketa da. 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, sari mordoxkarekin. Lorea Intxausti izango da erronka sortzailea eta astelehenero erronka bat argitaratuko du.

Lehiaketak Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren babesa izango du beste behin. Ez da beharrezkoa izena ematea, bideoak argitaratzearekin edo modu pribatuan bidaltzearekin nahikoa da.

Aurten ere Lorea Intxausti (Tiktoken @lorea_intxausti) aktorea izango da erronka sortzailea eta astelehenero, eta lehiaketa amaitu arte, hainbat erronka proposatuko ditu gazteek haien sormena eta gaitasunak erakuts ditzaten. Intxaustirekin batera beste aktore batzuk ere egongo dira erronkak egiten gazteekin batera: Nahia Sillero (@nahiasillero) eta Ainhoa Azpitarte (@azpitarteainhoa) Irabazi arte telesaileko aktoreak eta Kimetz Etxabe (@etxabekimetz) Go!azen telesaileko Gontzal pertsonaia.

Erronkak jasota, 13 eta 16 urte bitarteko gazteek nahi dituzten bideoak egin ahalko dituzte, nahi beste aldiz. TikTok sarean argitaratzeaz gain, bideoak modu pribatuan ere bidaltzeko aukera izango dute, maiatzaren 1era arte.

Maiatzaren 2an iragarriko dira 4 irabazleak, Bziber lehiaketaren TikTok eta Instagram profilen bidez, baita lehiaketaren webgunearen bitartez ere. Erronka bakoitzetik 4 irabazle aterako dira, beraz, zenbat eta erronka gehiago egin irabazteko aukera gehiago izango dituzte gazteek. Irabazleek, 75 euroko opari txartela jasoko dute, Fnac dendetan gastatzeko.

Lehiaketari buruzko informazio informazio guztia Bziber.eus  webgunean.

Erantzun

Sartu