Teknologia albisteak

Badalab bekak "Transmisioa, Transizioa eta Transgresioa" lantzeko, euskararen etorkizunari begira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 10:09

“Transmisioa, Transizioa, Transgresioa. Irtenbidea kolektiboa da” lemari ekarpena egin nahi dioten disziplina anitzeko egitasmo esperimentalak laguntzeko beka deialdia zabaldu du Badalabek, euskararen etorkizuna irudikatzeko nahia duen laborategiak (Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena). Proiektuak landuko dira etorkizunera begirako ikuspegi batekin: "2073 urtean euskaratik eta euskaraz bizitzeko hautua egingo duen komunitatea egon dadin", orain proposatu arrakalak.

Diziplina anitzeko egitasmo esperimentalak laguntzeko helburuz, hiru beka independiente eskaiiniko dira, eta bakoitzak 10.000€ jasoko ditu. Ohiko moldeetatik irteten diren proposamenak bilatzen ditu Badalabek. Proiektuek Badalaben lelo honi begirako ekintzak aurkeztu behar dituzte: “Transmisioa, Transizioa, Transgresioa. Irtenbidea kolektiboa da” . Lelorako aukeratu dituzten hiru hitz/ardatz horiek honela aurkezten ditu Laborategiak:

TRANSmisioa. Batetik, nora goazen irudikatzeko, nondik gatozen eta non gauden kolektiboki eraikitzeko eta kontatzeko ekintzari dagokiona. Bestetik, sare kolektiboetan nodo desberdinen arteko energia fluxuari edota harremanari dagokiona.

TRANSizioa. Hor gaudelako. Ez han ez hemen. Zaharraren amiltzean, berria jaio nahian. Hizkuntza ohituren aldaketak edota hizkuntza ikasketa prozesuak horixe direlako, prozesuak, eta horiei begiratuko diegulako, horietan eragin nahi dugulako. Komunitate askotarikoen eraikuntza denborak ere horixe direlako, bideak.

TRANSgresioa. Laborategiaren izaerari, desbideraketari eta irudimenari estuki lotuta. Ohiko bideetatik irteteko edota ohiko egiteko moduak arrakalatzeko sortu zelako Badalab.

Proposamenak bidaltzeko epea zabalik dago maiatzaren 9a bitarte. Informazio gehiago eta eskaerak aurkezteko modua hemen.

Erantzun

Sartu