Whatsappek Meta AI izendatu duten adimen artifizial (AA) bat integratu du bere aplikazioan txat egiteko berarekin. Galdetu zerbait "kontaktu" horri, eta erantzuten dizu. Euskarazko galderak ere ulertzen ditu, eta euskaraz erantzun ere bai, baina milisegundu batzuen ondoren, ezabatu egiten du euskaraz esandakoa eta ingelesezko gezur batekin ordezkatzen du: ez dakiela euskaraz esango dizu.
Erabiltzaile batek baino gehiagok sareetan esandakoa konprobatu dugu. Eta halaxe da, euskaraz galdetu eta unetxo batez euskaraz erantzuten dizu, baina berehala estaltzen du esandakoa Whatsappek ingelesezko gezur honekin:
"I don't understand Basque yet, but I'm working on it. I will send you a message when we can talk in Basque" / Ez dut oraindik euskara ulertzen, hori lantzen ari naiz. Bidaliko dizut mezu bat euskaraz hitz egin dezakegunean".
Gezurra da. Euskaraz dakien galdetutakoan, baietz esaten du... milisegundu batzuez.
Galdera edo ekintza konplexuago samar bat eskatzen badiozu, luzeago idazten du, eta argiago ikusten da. Ariketa honetan Herbehereetako tradizioez eskatu genion AAri eta erantzun zigun, mezu ezabaketa gertatu aurretik. Italiako tradizioez galdetu jarraian, eta erantzunari pantaila argazkia atera genion. Carnevale termino italiarra ez du inauteriekin lotu, baina ulermen eta idazkera aldetik ondo egiten du.
Bideoan ikus daiteke efektua hobeto. Galdera luzexka bat egin diogu, Europako hiriburuak esateko; eta...
Nola ez dakiela euskaraz? Gezur puta! Zergatik egiten duen hau Metak; Whatsapp, Facebook eta Instagramen jabe den Zuckerbergen konpainiak? Ba auskalo.
Whatsappen gaitasun zapuzgarri samar hau mugikorreko aplikazioarekin erabil daiteke oraingoz, ez itxura batean ordenagailuko web bertsioan. Mugikorrean erabiltzen baduzu, baietz esaten diozu erabilpen baldintzei, esan nahi baita seguruenik kopiatuko dizutela zure jardun guztia euren AA trebatzeko. Bestela ere berdintsu izango da, Metak edozer kopiatzen du AA egiteko, eta zure txat mezu eta ahots-mezuak ez dira salbuespena izango (gure aburuz).
Whatsappen agertzen den AA tresna honek Metaren Llama hizkuntza eredua du oinarri, Latxa euskarazko AA tresnaren oinarri den bera.
Erantzun
Sartu