EHUren Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterrean izena emateko epea ireki da, martxoaren 26a bitartean. Master honen helburu nagusia ikertzaileak trebatzea da, hainbat ikuspegitatik gai izan daitezen euskal hizkuntzaren edo literaturaren gai zehatz bati buruz ikertu eta espezializatzeko.
Prestakuntza programa bost ikerketa ibilbidetan egituratuta dago: Gramatika, Hizkuntzalaritza Diakronikoa eta Euskal Filologia, Dialektologia, Literatura eta Hizkuntzalaritza Aplikatua. Ikasleek hautatutako ibilbideen edo ikerketa lerroen arabera, prestakuntza programak aukera ematen du alor horiei lotutako trebetasunak eta ikerketa metodoak menderatzeko, hainbat arlotan sor daitezkeen arazoak ebazteari begira: gramatika, filologia, hizkuntzalaritza historikoa, dialektologia, itzulpena, hizkuntzaren didaktika eta haren erabilera esparruak hizketa egoera desberdinetan.
Masterra modalitate hibridoan eskaintzen da (aurrez aurre eta online modu sinkronoan).
Gaur eta bihar, martxoak 4 eta 5, EHUko Master Azokan aukera gehiago izango duzue master honen berri jasotzeko. Xehetasun gehiagorako eta zalantzetarako hemen e-posta helbide bat.
Erantzun
Sartu