Urtarrilaren 16an izan zen Starship ontziaren 7. hegaldi proba eta, prentsan hainbatetan agertu moduan, ontziaren lehen etapa atzera jaurtiketa puntura itzuli eta beso mekaniko erraldoiekin harrapatzea lortu zuen SpaceX, Elon Musk Estatu Batuar milioidunaren espazio enpresak. Bigarren etapa berriz, Karibeko itsaso gainean lehertu zen bertako irletan hondakinak zabalduaz. Gaur astelehena, martxoak 3, jaurtiketa errepikatu nahi dute berriz ere lehen etapa berreskuratu eta bigarren etaparekin espazioan hainbat proba egin eta atmosferaren presio eta bero izugarria igaro ostean ozeano indikoan itsasoratuz. Helburua: inoiz izan den espaziontzi handi eta osoki berrerabilgarria egitea.
Duela gutxi kaleratu du SpaceX enpresak aurreko urtarrilaren 16an egindako jaurtiketaren bideo ikusgarria. Bertan, lehen aipatu moduan, lehen etapa guztiz berreskuratzea lortu zuten baina bigarrena Turk eta Caico uharteen gainean lehertu zen, ontziaren zabor zati guztiak bertako kosta eta itsasoetan barreiatuz.
Joan den ostiralerako programatu zuten 8. jaurtiketa hau, baina egunean bertan kantzelatu zuten, eta gaurko, astelehenerako programatu. Berriz ez bada baldintza atmosferiko edo bestelako akats teknikoengatik atzeratzen, gauerdia pasatxo izango da jaurtiketa, 00.30etan berez biharko dataz hemen (martxoak 4 asteartea), baina AEBetan martxoaren 3a dela oraindik.
Zuzenean ikusi ahal izango duzue Youtubeko kanal honetan.
Jaurtiketa izan eta zazpi minutura izango da beso-harrapaketa operazioa, lehen etapari eustekoa. Ordubete eta bost minutura, ez bada desegiten, bigarren etaoa Indiar Ozeanoan eroriko da. Ingurua zehaztua dute, eta buia batetik irudiak ikusi ahal izango dira, dena ondo bidea.
Aurreko jaurtiketan bezala, Starship ontziaren bigarren etapa, 2. blokeko prototipoa izango da eta dirudienez hasieran jaurti zituzten 1. blokeko prototipoek baino atmosferan sartzeko edota karga eramateko gaitasun hobeak ditu. Diotenez, aurreko jaurtiketan, 2. blokeko prototipoak aldaketa asko zituelako suertatu omen zen espazioko leherketa eta oraingo honetan akats berdinak ez errepikatzea izango dela helburua.
Bideo ofizialean bigarren etaparen leherketaren irudirik ez dute sartu, baina NBC kateak honela jaso zuen, irletan zeuden turista estatu batuar harrituen eta bertako arrezifeen kontserbazioan dihardutenen haserrezko testigantza irudiekin osatutako erreportajean.
Beti bezala, jaurtiketa honek ere ziur ez duela inor epel utziko.
Artikuluaren irudi nagusian, eta hemen behean errepikatuta, Starship ontziaren berreskuratzea, Mechazilla deritzon dorrearen beso mekanikoek airean harrapatu zutenekoa:
Erantzun
Sartu