Otsailaren 25ean, bihar asteartea, Aldatu Gidoia plataformak eta EITBko sindikatu batzuek (ELA, LAB eta ESK) kontzentraziora deitu dute Bilboko EITBren egoitza aurrean, arratsaldez, 'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!' lelopean. EITBri eskatzen diote zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan euskararen ezagutza-eskakizunak betearaztea, abenduan ezagutu zen kasu baten harira (Nagore de los Rios Eitb.eus-en eta sare sozialean arduradun berria EITBn).
Ez da Nagore de los Riosena kasu bakarra, gainera. Aldatu Gidoiak biharko protestarako publiko egin duen manifestuan halakoa esaten da:
EITBko Zuzendaritzak euskarazko C1 maila izatea ipini du baldintza gisa azken urteetan zuzendari berriak hautatzeko deialdietan.Haatik, 2024an orain arteko bidean atzera egin eta hiru ardura postu esleitu zaizkie euskara eskakizuna betetzen ez duten hiru pertsonari: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en Zuzendaritza, eta Zuzendaritza Komertziala. Areago, atera berri diren deialdietan jada ez da C1 maila eskatzen. Baldintza bakarra da «gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea» , zehaztapen gehiago egin barik. Hori da, esate baterako, Primeran plataformako eduki arduraduna izango denari eskatzen zaiona. Horiek atera dira azalera azkenaldian baina lehendik ere gabezia larriak daude hainbat arduradun eta zuzendariren euskara mailan.
Aldatu Gidoiak uste duenez, "erabaki hauekin, EITBk euskara eta euskaldunak gutxietsi eta baztertu egiten gaituen irudia zabaltzen da gizartearen aurrean."
Biharko elkarretaratzea 16.00etarako dago deitua, EITBren Bilboko egoitza nagusiaren aurrean.
Atxikimendua emateko: https://labur.eus/O25galdetegia
Erantzun
Sartu