Teknologia albisteak

Wikitok, nabigatu Wikipedian TikTok-en arituko bazina bezala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:06

WikiTok izeneko tresna egin du New York-eko garatzaile batek. Wikipedia da, TikTok-en molde estetiko eta nabigazioarekin: ez bideo laburren eran, baina bai  nabigazio bertikal infinito bat, artikulu batetik bestera salto eginez, algoritmo batek sorpresak emango balizkizu bezala. Bere potentziala ikusteko mugikorrarekin bisitatu behar da. Eta, hizkuntza gutxi batzuen artean, euskaraz ere badago.

WikiTok-ek ez du misteriorik. Wikipediako APIak erabili ditu garatzaileak, eta random orri bat bestearen ondoren ikuskatzea, hori da koxka. Gustatzen bazaizu bat, Read more klikatu (hori ez dago euskaratuta), eta Wikipediako orri osoa ikusiko duzu. Ausazko orriarena Wikipedia guztietan dagoen trukoa da, bestalde, euskarazkoa hemen duzu, beste hau ingelesezkoa.

Garatzaileak, Isaac Gemalek, kontatu du artikulu honetan eskaerak jaso dituela ausazko algoritmotik norberaren gustuetara aldatzen saiatzeko, baina horren beharrik ez dio ikusten Gemalek oraingoz. Programatikoki, WikiTok gauza arina da, eta Gemalek aitortu duenez Claude txat adimentsuarekin idatzi du gehiena.

Joan den astean inauguratu zutenean dozena bat hizkuntza zeuden, eta bat zen euskara. Aste honetan 20 pasatxo dira aukerak, baina ez dute euskara kendu. Hala ere, harrituta eta harro utzi gaitu gure hizkuntza hor ikusteak. 

Nondik aterako zuen Gemal garatzaileak hizkuntza aukeretan euskarak egon behar zuela? Ba agian euskara oso ondo sailkatua dagoelako Wikipediako hainbat parametrotan. Esate baterako, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan, 12. postuan gaude une honetan. Alemana gainditu berri dugu azken hilabeteetan (ikus sailkapena). Gainera, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak ahalegina bideratu du 1.000 artikuluen kontu honetan gure posizioa indartzeko. Hemen azalpenak eta artikulu zerrenda, horiz markatuak berdera pasatzea koxka, edukia osatuz. Aukera dago, ahaleginak batuz, lehen hamarretan sartzeko, Top 10 izateko.

WikiTok probatzeko, hemen.

Erantzun

Sartu