Teknologia albisteak

Deepseek AA txinatar harrigarria (eta bikaina euskaraz)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-01-28 : 09:27

Albiste bihurtu da Deepseek adimen artifizialeko sistema txinatarra azken egunetan. Zabaldu denez, eredua askoz merkeagoa da garapenean eta kontsumoan, baina Claude edo ChatGPT iritsi diren mailara jauzi bat egin du. Gainera, lizentzia libre eta doakoaz banatu dute erabiltzeko. Eta guk konprobatu dugunez, primeran dabil euskaraz.

Deepseek erabili daiteke web bidez edo app-a instalatuta:

Web zein app, bietan erabiltzaile bera lotu daiteke, adibidez Google/Gmail identitate batekin, eta orduan batean zein bestean txat eta interakzio berak agertu zaizkizu, testua berrerabiltzeko aukerarekin.

Konektatu gara, eta interfazea erdaretan bakarrik aurkitu dugun arren, euskaraz egiozu, edo euskaraz egiteko eskatu, eta primeran erantzuten. Euskara hizkuntza ergatiboa dela badakien galdetu diogu, eta baietz, analisi nahiko zuzen batekin erantzun digu. 

Jarraian, galdera tranpa planteatu diogu... "Andoni Mikelek hil badu, nor da hiltzailea?". Ondo identifikatu du, eta gainera ergatibitateaz jardun dugularik lehenago, horren inguruko analisi gehigarria eman digu:

Ezagutza gehiago eskatu diogu... Errenteriako herriaz. Analisi hau eman digu (testua literalki kopipegatzen dugu).

Errenteria Gipuzkoako udalerri bat da, Oiartzualdeko eskualdean kokatua. Donostiatik gertu dago, eta bere kokapen estrategikoak eta garraio konexio onak hiriburuarekin eta inguruko herriekin lotura estua ematen dio. Hona hemen Errenteriari buruzko informazio interesgarri batzuk:

  1. Industria eta ekonomia: Errenteria tradizio industrial handiko herria da. Historikoki, burdinola eta lantegi ugari izan ditu, eta gaur egun ere industria garrantzitsua du.

  2. Kultura eta ondarea: Herriak hainbat eraikin historiko eta kultura ondare interesgarri ditu, hala nola Errenteriako udaletxea eta Santa Maria eliza. Gainera, Oiartzun ibaiak herria zeharkatzen du, paisaia ederra eskainiz.

  3. Jaiak eta ospakizunak: Errenteriak jai tradizionalak ospatzen ditu, hala nola San Martzial jaiak, herriko patroiaren omenez. Jaiek musika, dantza eta beste hainbat ekitaldi kultural eta sozial biltzen dituzte.

  4. Hezkuntza eta kirola: Herriak hainbat eskola eta ikastetxe ditu, eta kirol instalakuntza onak ere bai, hala nola futbol zelaiak, pilotalekuak eta gimnasioak.

  5. Gastronomia: Gipuzkoako beste herri batzuk bezala, Errenteriak ere gastronomia tradizionala eta pintxo-pote kultura indartsua du. Taberna eta jatetxe askotan probatu daitezke bertako zaporeak.

Errenteria biztanleria handiko udalerria da, eta bere biztanleek herri bizia eta dinamikoa osatzen dute. Zer gehiago jakin nahi duzu Errenteriari buruz? 

Orduan galdetu diogu ea nor den errenteriarrik ospetsuena... eta Xabier Lete dela esan digu! Leteri buruzko laburpen txukun bat eman digu, baina gauza bat asmatu egin du: ez zen Errenteriakoa, baizik eta Oiartzungoa.

 
Azken elkarrizketa honen irudia app interfazetik atera dugu, eta goragokoak web interfazetik. Baina erabiltzaile konektatu gisa bazabiltza, bietako jardunak lotuta daude, eta testu berrerabilpenerako aukerak hor daude.

 

Erantzun

Sartu