Teknologia albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiko 77 lanposturi eragiten dien "epai euskarafoboa" salatu dute gaur Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 14:45

2025. urtean ere oldarraldi judizialak jarraitzen duela-eta, elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta LAB eta ELA sindikatuek. Oldarraldiko azken epaietako bat izan da kausa, Foru Aldundiko 77 lanposturen egonkortzean eragin baitute epaileek, euskara eskatzerik ez dagoela. Horrelako 500 lanpostu egonkortze edo eskaintza daude kolokan, auzibide desberdinetan. Bizkaiko Foru Aldundikoa bereziki larria izanik, adierazpen bat aurkeztu dute han euskal sindikatuek eta Kontseiluak.

 

Hona gaur aurkeztutako testua:

Adierazpena

2024ko martxoan, Bizkaiko Foru Aldundiko langileok mobilizatu egin ginen euskararen normalizazioaren aurkako ofentsiba judizialaren aurrean. Bizkaiko Foru Aldundiko administrazioko langileen lan-eskaintza publikoen aurkako bi epai izan ziren, euskararen inguruko baldintzak "neurriz kanpokoak" direla argudiatuz.

Aurreko astean izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren berri. Epai honen bidez, aurreko bi epaietako baten aurkako apelazioa ebatzi da: enplegu publikoa sendotzeko eta egonkortzeko prozesuekin lotutako administrarien kategoriako 77 lanpostuko lan-eskaintza publikoaren aurkakoa.

Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du helegitea aurkeztuko duela (epaia ez da irmoa), eta jarrera hori txalotu nahi dugu. Euskararen normalizazioan eman beharreko pauso guztiak ematera animatu nahi dugu. Era berean, amaitu gabeko hautaketa-prozesuak aurrera jarraitzeko eskatzen dugu.

Botere judizialak euskararen normalizazioari egiten dion oldarraldi eta jazarpenaren aurrean gaude. Herritarrek euskaraz artatuak izateko dituzten eskubideen eta langileok euskaraz lan egiteko dugun eskubidearen aurkako erasoa da. Enplegu publikoa egonkortu nahi duten pertsonen eta enplegu publikoaren hautaketa prozesuen aurkako eraso zuzena da. Egoera honek ziurgabetasun handiagoa sortzen du hauetan parte hartzen duten pertsonentzat. Guztia euskara ahalik eta gehien deuseztatzeko helburu bakarrarekin. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritarren hainbat kexa jaso ditu, Bizkaiko Foru Aldundia (beste erakunde asko bezala) ez delako gai, oraindik ere, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitu behar da, beraz, eta hori oztopatzea dute helburu epai euskarafobo hauek.

Beharrezkoa da euskal eragile politikoek eta erakundeek beharrezko urratsak egitea hautaketa-prozesuei segurtasun juridikoa emateko, eta, era berean, gure hizkuntzaren normalizazioa bultzatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiko langile guztiak animatu nahi ditugu euskararen normalizazioaren alde eta epai euskarafobo hauen aurka mobilizatzera.

Administrazioan ere, euskaraz!

Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat!

Bilbon, 2025eko urtarrilaren 16an

Erantzun

Sartu