Teknologia albisteak

Iruñeko Planetarioa erre da, proiekzioen aretoa suntsitua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 11:39

Gaur goizean izan den sute batean Iruñeko Planetarioa, komertzialki Pamplonetario izenarekin ezaguna, erre egin da. Goizaldean 6ak eta 7ak artean hasi da sua, eta kalteek oso itxura txarra daukate: kupulari eragin dio suak, hau da, proiekzioak gertatzen diren areto nagusian izan dira. Areto nagusia erabat erreta dago, kupularen zati bat hondoratu egin da; osorik erortzeko arriskua dagoela ohartarazi dute suhiltzaileek, albisteen arabera.

1993an ireki zen Iruñeko Planetarioa (hiriko Yamaguchi parkearen ondoan), eta Javier Armentia astrofisikari gasteiztarra izan da bertako zuzendaria urte askoan (duela hilabete gutxi arte). Eraikinak erakustareto eta hitzaldi areto desberdinak ditu, eta mota desberdineko jarduerak antolatzen ditu, baina planetarioetan gertatu ohi den bezala, kupulako proiekzioak dira planetarioan bihotza, eta areto hori da suntsitu dena (gainerakoa nola ote dagoen ere ikusteko dago).

Proiekzio kupula munduan handienen artean zegoen, izarren proiektorea eta beste 70 proiektore eta ikus-entzunezko sistema zituen aretoak. Material hori nola dagoen ez da jakinari, baina suaren zentroa proiekzioen aretoa bada, eta kupula hain kaltetua badago, itxaropen gutxi.

Argazkia, Euskalerria Irratia.

Erantzun

Sartu