Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioa egingo dute urtarrila eta martxoa bitartean, Euskal Herriko hiri hauetan: Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakaleran), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Select zinema). Lehen emanaldia gaur da Artiumen Gasteizen.
Emanaldiak The Theory of Everything filmarekin (James Marsh, 2014) hasiko dira. Film horretan, ibilaldi bat egiten da Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitzaren parte batean zehar.
Klasikoen artean honako hauek nabarmentzen dira aurten: The Time Machine –Denboraren makina– (George Pal, 1960), H.G. Wellsen eleberrian oinarritua, zeinak denboran zeharreko bidaiaren kontzeptua gizarteratu baitzuen; saio bikoitz batean, Frankenstein eta The Bride of Frankenstein (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizigabe batzuei bizia emateko duen erronkaren harian; eta The Thing –Gauza– (John Carpenter, 1982), beldurrezko klasiko modernoa, zientzialari batzuek eta izaki estralurtar batek Antartikan duten borrokaren inguruan.
Film berriagoak ere programatuko dira, hala nola, hauek: High Life (Claire Denis, 2018), Donostia Zinemaldian lehiatua eta zulo beltzen, ugalketa esperimentuen edo espazioko bizitzaren gaiak aztertzen dituena, besteak beste; Everything Everywhere all at once –Dena batera leku guztietan– (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022), multibertsoan barneratzeko gonbite bat; eta Le Théorème de Marguerite (Anna Novion, 2023), doktore tesiko azken urtean dagoen emakume matematikari baten erretratua (Emakumeak Zientzian ekimenaren testuinguruan).
Hemen ikus daiteke programa osorik.
Filmeak aurkezten zenbait zientzalari eta dibulgatzaile arituko dira:
- Pedro Miguel Etxenike (UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun emeritua eta DIPCko eta CFMko presidentea);
- Arantzazu García Lekue (fisikaria, Ikerbasque Professor irakaslea eta DIPCko Programa Estrategikoen zuzendaria);
- Maria Navarro Gastiasoro (fisikaria, DIPCko ikertzailea material kuantikoetako supereroaletasun exotikoan eta korrelazioan);
- Antonio Rivera (Historia Garaikideko katedraduna UPV/EHUko Letren Fakultatean);
- Julián Casanova (Historia Garaikideko katedraduna Zaragozako Unibertsitatean eta irakasle bisitaria Vienako Central European Universityn);
- Juan Ignacio Pérez Iglesias (Biologian doktorea eta Fisiologiako katedraduna UPV/EHUn, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntzako sailburua);
- Antonio Casado da Rocha (ikertzaile iraunkorra UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia sailean);
- Iraia Muñoa (bioteknologoa, UPV/EHUko Ugalkortasun Taldeko ikertzailea);
- Anna Rubio (Ozeanografia Fisikoko doktorea, AZTIko Ozeanografia Operazionaleko taldearen koordinatzailea eta ikertzaile nagusia);
- Ainhize Barrainkua (Fisikan eta Ingeniaritza Elektronikoan graduatua UPV/EHUn);
- Daniela Moreno (doktoretzako ikaslea Basque Center for Applied Mathematicsen –BCAM– eta UPV/EHUko CFD-MS taldean);
- Fernando Cossío (UPV/EHUko Kimika Organikoa saileko katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa);
- Ana Galarraga (Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua, Elhuyar aldizkariaren zuzendaria);
- Rafael Rotaetxe (Gipuzkoako Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitatearen eta ESIen arduraduna);
- Miren Cajaraville (Zelulen Biologiako katedraduna, Ingurumen Toxikologian aditua);
- Xabier Lopez (kimikaria, UPV/EHUko katedraduna eta DIPCko kidea);
- Mikel Pagadizabal (telebistako gidoigilea eta aurkezlea);
- Daniel Sánchez Portal (CSIC-UPV/EHUko Materialen Fisikako Zentroko fisikaria eta DIPCko kidea);
- Silvina Cerveny (Materialen Fisikako Zentroko CFM CSIC-UPV/EHUko ikertzailea eta DIPCko kidea);
- Idoia García de Gurtubay (UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako doktorea eta DIPCko kidea);
- Javier Aizpurua (físikaria, Basque Quantum-eko zuzendari zientifikoa eta DIPCko Ikerbasque ikertzailea);
- Didier Roux (fisikari eta kimikaria eta Château Observatoire Abbadiako kidea).
Erantzun
Sartu