Astean urtarrilaren 1ean bi eraso bitxi Estatu Batuetan: New Orleans hirian, harrapaketa hilgarria, eta 15 hildako (gidari hiltzailea barne); eta Las Vegasen Tesla auto baten eztanda Trump hotelaren atarian (hildakoa, gidaria). Kointzidentzia bitxiak bi kasuen artean, lotuta ez daudela dioten arren AEBetan: bi gidari atentatugileak militarrak, eta bi kasuetan erabilitako autoa Turo aplikazioaren bidez alokatutakoa izan da. Autoa alokatzearen Uberra, horrela definitu dezakegu Turo, eta Euskal Herrian erabilgarri dago jada (Lapurdin, zehazki).
Hala nola Uber, baina gidaririk gabe, horixe da Turo. Partikularrek (nonbait) jartzen dute autoa, eta alokatu nahi baduzu, ba hortxe aukera. Auto bakoitza zenbat bider alokatzen den agertzen da webgunean, eta horri erabiltzaileek emandako balorazioa. Era berean, alokatzaileak ere baloratzen dituzte ondoren auto-jabeek.
Aplikazioa sortu zen San Frantzisko hirian 2010ean, eta dagoeneko hedatua dago AEBetan, Kanadan, Australian, Erresuma Batuan eta Frantziako estatuan. Hortaz, Ipar Euskal Herrian ere erabil daiteke, eta mapa bidezko bilaketan ikusi dugu Lapurdiko kostaldean daudela aukera mordoxka bat. Barnealdean ez da emaitzarik argitzen, baina ez dakigu eskaintza faltagatik ote den edo eremu geografikoa mugatu ote duelako Turok...
Lapurdin gehien erabili den autoa Bidarteko bat da: Fiat Panda bat har dezakezuna 115 euroan hiru egunetarako. Prezio bertsuan daude beste mordoxka bat, adibidez Mini Cabriolet bat turismo eguzkitsua egiteko (Angelun), edo lanerako furgoneta bat (hau ere Angelun). Kasu hauetan (eta gehienetan suposatzen dugunez) auto-jabearen herrian hartu eta utzi behar da autoa.
Prezio egitura da eguneko 35 euro ingurukoa, baina hiru egunetan hartuz gero deskontu bat egoten da. Hiru eguneko 120-140 euro arteko tarifa estandar batean, 20 bat euro gutxi-gorabehera "bidaia tarifa" bezala agertzen da eta uste dugu hori dela Turok eramaten duen partea. Auto jabeak zenbat jasoko? ba 100 euro inguru edo, hiru egunengatik.
Erantzun
Sartu