Teknologia albisteak

Manifestazioa eta “J’accuse” autoinkulpazio kanpaina Korrikako mugalariekin elkartasunez

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 08:41

Iazko martxoaren 14an, Korrikarekin batera, 36 migratzailek igaro zuten Bidasoako muga Santiago Zubitik, Espainiako estatutik Frantziakora. Urrian, zazpi lagun auzipetu zituen Frantziak migratzaile haiei laguntzeagatik ekintza hartan, 21. mendeko zazpi mugalari solidario. Lagun horiekin elkartasunez, manifestazioa antolatu dute urtarrilaren 26rako, eta auto-inkulpazio kanpaina hasi Interneten (hemen). Bete dezakezu, zubi bat zeharkatzen laguntzeagatik zeure burua erruduntzat joz, Korrikaren egunean migrazio prozesuan diren pertsonekin batera izan zinela elkartasunez adierazi.

Manifestazioa urtarrilaren 26an izango da, igandearekin, 11.30etan Irungo Ficoban abiatuta, eta Hendaiaraino. 

Manifestazio hau aurkezterakoan zenbait sindikatuk ohar bateratua kaleratu zuten. Epaitu behar dituzten zazpi lagunen kontrako prozesua salatzen dute. "Epaitu beharrekoa ez da elkartasuna, ez eta pertsona guztien eskubideen alde ari direnak. Immigrazio politika anker eta hiltzaileak, muga arrazista eta bidegabe hauen errudun diren agintariak eta legeak dira zigortu behar direnak; Bidasoan eta trenbidean gutxienez 9 heriotzaren arduradun direnak edota milaka pertsonen bizitzak arriskuan jartzen dituztenak."

Korrikaren egunekoa desobedientzia zibileko ekintzatzat aurkezten dute deitzaileek, helburu argi hauekin egin zena:

  • Europa Gotorlekuaren immigrazio-politika errepresiboa salatu.
  • Frantziako Gobernuak eskuin muturraren laguntzarekin ezarri duen azken immigrazio legea salatu.
  • Mugak behin betiko irekitzea eta, bereziki, Irun eta Hendaia artekoa bezalako zubi guztiak irekitzeko eskatu, guztion zirkulazio askea eta bertan gelditzeko eskubideak bermatzeko.

Bat egiten baduzu, horra berriro autoinkulpatzeko esteka.

 

 

Erantzun

Sartu