Teknologia albisteak

Google.eus aktibatu da gaur, PuntuEus domeinuen hamargarren urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 17:29

Minutu batzuk barru izango da Tolosan PuntuEus domeinuaren 10. urteurreneko ekitaldia, Gure Zirkuaren emanaldi batekin. Izatez, ekainean bete zen 10. urteurrena (eta Sustatu.eus-en aktibazioa zehazki) zeinean aitzindiari batzuek hartu zuten parte, baina sei hilabetera ireki zen erregistroa, 2014ko abenduan. Data hartatik 10 urte beterik, 15.000 domeinu daude .EUS luzapenarekin eta horien artean azkena gaur bertan aktibatu den Google.eus.

 

PuntuEus Fundazioa patronatu batek gidatzen du. Funtsean, domeinua aktibatu aurretik urte luzez borrokatu zen lantalde bat nortasun propioko Interneteko domeinua izateko.

Fundazioa eratu zelarik, 2012ko maiatzean egin zuen eskaera euskal talde honek .eus lortzeko eskabide ofiziala ICANNen (domeinuak kudeatzen dituen nazioarteko erakundean) eta 2013ko maiatzean etorri zen baietza. Urtebeteko prestakuntza lanak ondoren eta, gero, iraupena ziurtatzeko beharrezkoa zen hazkundea, egungo 15.000 domeinuetara iritsi arte, tarte baterako etorkizuna ziurtatzen diona.

PuntuEus Fundazioaren azpian lantalde bat ere badago, eta zuzendari bat, Josu Waliño. Fundazioari dagokionez beste erakunde batzuk ere badaude partaideen artean: EITB, Euskal Kultur Erakundea, ESLE Software Libreko Enpresen Euskal elkartea, Elkar Fundazioa, Euskaltel Fundazioa, Euskaltzaindia, Euskalgintzaren Kontseilua eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Patronatuan lehendakari izan da urte hauetan Iñaki Goirizelaia, EHUko errektore izandakoa, baina gaur erreleboa jaso du eta Olatz Arbelaitz informatikaria izango da lehendakari berria.

Erantzun

Sartu