Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki, iruditu zaigunez, baina kontua bertan sortuta, edozeinek parte har dezake (arau batzuk proposatzen dira; oinarrizkoena, nagusiki euskaraz egitea). Abenduaren 8a baino lehen Matx.eus-en erregistratzen den oro opari-sorta baten zozketan sartuko da.
Goienak jaso ditu Matx-en nondik norakoak artikulu honetan. "Galdu edo irabazi, kirolaren alde dibertigarria erakutsiko dugu, taldeen arteko erronkak bultzatuko ditugu, desafioak sortu, elkarrekin barre egin. Eta, horretarako, kirol ekitaldietan egongo gara, lasterketetan...", dio Aratz Losadak, Matx-eko eduki-arduradunak. "Eta, horrekin batera, lurraldeko klubekin hartu-eman zuzena izan nahi dugu. Denbora daramagu taldeen arteko desafioak grabatzen, eta kluben eta kirolarien partetik jaso dugun erantzuna ederra izaten ari da".,
Sare soziala den neurrian, erabiltzaileak eurak egongo dira erdigunean, eta euren bideo, argazki eta bestelakoak partekatu ahal izango dituzte: "Kirolarien, taldeen eta kirolzaleen komunitatea josi nahi dugu", dio Maria Balzategik, proiektuko komunitate-arduradunak. Bi lagun horiez gain, honako medioetako kazetariak ageri dira erredakzio-taldean: Joni Ubeda (Aiurri), Paola Oscoz (Antxeta), Imanol Garcia (Ataria), Asier Orbea (Barren), Xabier Urzelai (Goiena), Eider Moncayola (GITB), Ander Gomez (Plaentxia), Andoni Elduaien (GUKA) eta Joanes Imaz (28 kanala)
Proiektuaren arauak hemen daude jasota.
Edukia ikusteko izena eman beharra dago, bestela mezu-katea edo post bakoitza pribatuan geratzen da. Ez dakigu Matx.eus-eko kontu bat euskal fedibertsoko beste toki batetik jarrai daitekeenik, aprobaren batean ez dugu lortu behintzat.
Eman izena bada, Matx.eus-en, eta abenduaren 8a baino lehenago eginez gero, zozketan sartuko zara halako bat irabazteko aukerarekin:
Erantzun
Sartu