Euskaltzaindiak Euskera aldizkari akademikoaren azken alea argitaratu berri du, urteroko bigarren alea. Eta ePub formatuan ere eskuragarri dagoela ikusi dugu. Iaztik da hala, baina ez geunden konturatuta, eta garapen interesgarri eta aipagarria iruditu zaigu.
Hizkuntzaren izena euskara da, baina Euskera deritzo, arrazoi historikoengatik, Euskaltzaindiaren aldizkariari. Artxibo historikoa txukun dago sarean, baina 2023tik berrikuntza interesgarriarekin dator. ePub formatuan datoz aleak, osorik zein artikuluz artikulu bakoitza deskargatzeko aukerarekin, ebook irakurgailu batekin jasotzeko moduan (eta PDF eran ere bai).
Gainera, 2023tik bi aldizkari izatea erabaki zuen Euskaltzaindiak. Euskera berrizendatu da Euskera Ikerketa Aldizkari bezala, eta aparte sortu da Euskaltzaindiaren buletina, zeinean Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa gordeko den (sarrera-hitzaldiak, biltzarrak, jardunaldiak, hilberri-txostenak,...). Dena dela, badirudi Euskaltzaindiaren buletin berri horren ale bakarra argitaratu dela, 2023an, 2022ko jardunarekin.
Agerkari ofizial horiez gain, komunikazio kanal gehigarria ere badu Euskaltzaindiak, Plazaberri buletina. Hau sarean argitaratzen da, eta e-postaz harpidetu zaitezke halaber.
Euskerari dagokionez, hemen duzue azken ale argitaratu berria, artikuluz artikulu edo osorik jaisteko moduan.
Erantzun
Sartu