Izaera libreko mapen mundua, 20 urtez Open Street Map-en (OSM) bidez garatu dena batik bat, iritsi da eraikinak 3D dimentsioetan modu ikusgarriak eskaintzera. F4Map sistemak demo ikusgarri bat plazaratu du; ikus hemen Guggenheim museoaren inguruak. OSMBuildings ere bada, akaso ikusgarritasun gutxiagorekin, baina hori ere txukuna (hona Eibarren Sustatu egiten den tokia, CodeSyntax-en industrialdearen inguruak).
F4Map delakoan, fijatzen bazarete, autoak zirkulatzen ere ikusten dira, eta garabiak lanean ere bai... Elementu batzuk fiktizioak dira: ez da trafikoaren errepresentazio erreal bat. Baina garabia eta zuhaitzak... egiazkoak dira, OSM-ren edizio sistema zehatzean adierazi daiteke toki jakin batean zuhaitza dagoela, edo obrak daudela, eta mapa hauetan agertzen dira.
Eta dena edizio kolektiboarekin egiten da. Zu bizi zaren etxea ez bada "lurretik altxatzen" edo ingurukoekin alderatuta garaiera berdinean agertzen da non eta eraikin bakoitzak altuera desberdina duen... editatu daiteke.
Honako hau OSM-eko edizio interfaze bat da. Adierazita dago etxe horrek 16 solairu dituela, eta horrek emango dio altuera jakin bat hemen probatutako ereduetan. Metro zehatzen bidezko altuera ere marka daiteke, dena dela. Eta sabaia ze kolorekoa edo, edo teilaz egina dagoen, eta beste hainbat datu, ikuspegi tridimentsionala apaindu eta benetakotu dutenak.
Uste dugu, gainera, eraikin askoren 3D fitxategi berezkoak kargatu direla. Guggenheim, goiko adibidean, txukun samar dago eraikia; eta beste batzuk zer esanik ez, Notre Dame Parisen adibidez.
Donostian Anoetako estadioa, adibidez, halako fitxategiren batekin agertzen dela uste dugu. Baina eskala oker samarra du.
Beste gauza bitxi bati ere erreparatzen ahal diozue hor Anoetaren atzean, Donostia ezagutzen baduzue: Ilunbe eta Miramongo gainaldeak ageri dira, baina eremu guztiz laua balitz bezala. Baita Urgull mendia ere, hiri berean:
Errore bat... edo oraindik garatu gabeko kontua, ze datuak eduki badauzka OSM-k mundu (ia) osoko altimetriarena: NASAko datu publikoak badaude azpiegituran, eta seguru gaude laster ikusiko direla
Hemengo adibideak eta beste asko zuk zeuk ikuskatzeko: https://demo.f4map.com/ eta eman bilatzailean gauza desberdinak aurkitzeko.
Erantzun
Sartu