Teknologia albisteak

Euskal Game Jam, bigarren edizioa, Errenterian eta online aldi berean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:39

Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak Euskal Game Jam topaketaren 2. edizioa antolatu dute, urriaren 18tik 20ra egingo da Errenterian eta online. Izen ematea irekita dago. Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko, euren abileziak agerian jartzeko eta harremanak sortzeko ekimena izango da. Iaz antolatu zen lehen edizioa, eta hark eman zuenaren laburpen artikulutxoa ere jasota dago Sustatun. Game Jam bat da, bideojokoen terminologian, bideojokoak epe mugatuan sortzeko helburua duten jokogileen topaketa bat. Iazkoan, 32 sortzaile elkartu ziren eta 12 bideojoko garatu.

Game Jam topaketa baino gehiago da, hacking ariketa bat. Bideo-jokoak in situ sortzen dira. Edizio honetan 48 orduko epean bideojokoak sortzeari ekingo diote euskara hutsean egiten den Game Jameko parte hartzaileek. Urriaren 18an 18:00etan hasiko da sormen prozesua; bi egun igarota, urriaren 20an, proiektuak bukatuta eta itch.io bideojokoen plataforman argitaratu eduki beharko dituzte.

Edizio honetan, izena ematen dutenek espazio fisikoa zein digitala edukiko dute jardunerako. Oreretako Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian (Errenteriako Torrekua eraikinean) aurrez aurre parte hartzeko aukera dago; eta horrez gain, nahi duenak etxetik ekin diezaioke bideojokoaren sorkuntzari.

Izen ematea abian da. Partaideek Euskal Game Jam 2aren itch.io webgunean izena eman dezakete. 18 urtetik gorako pertsona orok doan parte har dezake; halere, bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak edukitzea nahitaezkoa da. Arau eta baldintza guztiak izen emate fitxan aurkitzen dira.

Bideojokoa bakarka nahiz taldeka garatzeko aukera dago. Gehienez bost kideko taldeak onartuko dira. Taldekideak bilatu nahi dituenak hori egiteko aukera dauka: Euskal Game Jamaren itch.io atal berezian edo Game Erauntsiaren Discord zerbitzarian irekitako txat berezian taldea sortzea proposa dezake.

Ekimen osoa euskara hutsean egingo da, eta aurkeztutako bideojokoak euskaratuta egon beharko dira. Hizkuntza gehiagotan egon daitezke, bai Game Jamean, bai honen ostean. Hori dela-eta, gutxienez talde bakoitzeko ordezkariak euskaraz hitz egiten jakitea eskatuko da.

Ez da materialik eskainiko bideojokoa sortzerako orduan: partaideek beren ordenagailuak eta tresnak erabiliko dituzte. Gauza bera gertatzen da jokoaren baliabideekin edo bi asset-ekin: proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak, eta abar norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izango dira.

Proiektuak aurkeztuta, publikoari Euskal Game Jameko bideojokoak deskargatzeko eta jokatzeko aukera emango zaio.

Izen-ematea eta informazio gehiago: https://itch.io/jam/euskal-game-jam-2 

Erantzun

Sartu