Teknologia albisteak

Tartariar Inperioaren konspirazioa eta tradizionalismo arkitektonikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-09-09 : 10:08

Konspirazio-teoria bitxi baten berri oraingoan, ukitu artistiko eta bereziki arkitektonikoa duena: Tartariar Inperioaren kontu bitxia. Bide batez, adi, tradizionalismo artistiko-arkitektoniko batzuen dibulgatzaileen artean ultra-eskuin supremazistaren usaina egon daiteke eta.

Nolabait, desagertutako zenbait eraikin bikain daude susmo konspiranoikoen jatorrian: edo 1915eko Erakusketa Unibertsalaren aldi baterako eraikinak (goian bat), New York-eko Singer Building eta Penn geltoki zaharra (beheragoko irudiak bi horienak dira). Baina zutik dirauten beste batzuk ere desagertutako zibilazio batek sortu zituen, Tartaria delakoak, adibidez Etxe Zuria edo Piramideak.

Eta nork eraiki zituen? Tartaria Handiak, desagerrarazitako edo galdutako lur edo zibilizazioa izan omen zen, Errusian sortua, eta errusiar pseudozientifiko nazionalista batzuen testuetan lehenbizikoz aipatuak. Haientzat Tartaria Errusiaren izen "erreala" da, eta Mendebaldeak maltzurki "ahantzarazi" duena.

Teoria horien arabera, Tartaria (edo Tartariar Inperioa) teknologia eta kultura aurreratua zituen zibilizazio galdua izan zen. Konspirazioaren teorian, ideia arrunta da "luizi" batek munduaren zati handi bat despopulatu zuela eta bere eraikinak suntsitu. Horregatik, mundu osoko eraikin askok elementu arkitektoniko altxatuak dituzte, hala nola ateak, leihoak eta arkuak, "lurzoruaren mailatik" metro askotara. Bai Lehen Mundu Gerra bai Bigarren Mundu Gerra Tartaria suntsitu eta ezkutatzeko modu gisa aipatzen dira, eta Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketa-kanpaina handiek eraikin historiko asko suntsitu zituztela froga gisa aurkezten da. Teoriaren froga orokorra da mundu osoan antzeko eraikuntza-estiloak daudela, hala nola kupuladun gobernu-eraikinak edo izar formako gotorlekuak, Tartariako arkitekturaren aztarnak.

Zach Mortice idazleak uste du teoriak kultur desadostasuna islatzen duela modernismoarekin eta estilo tradizionalak berez onak eta modernoak txarrak direlako ustearekin. Teoria "arkitekturaren QAnon" gisa deskribatzen du kontua artikulu honetan.

Adi, bestalde, arkitekturaren eta oro har artearen historiaren errebisionismo batzuekin. Tradizionala ona zela eta modernoa txarra ez da bakarrik agertzen Tartaria-zale eta Qanon-zale horien artean. Twitterren badira "kultura jasoaren aldeko" ustezko kontu zenbait, konspirazioetara jo gabe, ultra-eskuin balore zuri/supremazistak zabaltzen dituztenak halako "heziketa kultural" baten mozorropean, adibidez, Culture Critic delako kontua (kritika parea ingelesez horri eta antzekoei artikulu honetan eta beste bideo honetan)

Tartariari buruz gehiago, euskarazko Wikipedian.

Irudiak, Wikimedia Commons: Singer eraikina,  1915eko Pabilioia, Penn geltokia.

Erantzun

Sartu