Teknologia albisteak

Derek Guyk "the other man" deitu dio Pradalesi, eta bere janzkera kritikatu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-08-08 : 10:18

Interneteko hamarkada honetako moda komentarista jarraituenak, Derek Guyk, Imanol Pradales EAEko lehendakariaren janzkera kritikatu du gaur txio batean. "The other man" (beste gizona) ere deitu dio, nor den ez baitaki (logikoa), Felipe VI.a Espainiako erregearen ondoan zegoela egindako argazki batean bi gizonen janzkiak konparatzean.

Derek Guy (bere izen zehatza hori ote den ere ez dago argi), moda komentarista bat da, kanadiarra jaiotzez, Kalifornian kokatua, jatorri etorkin asiarrekoa, @dieworkwear Twitter kontuagatik oso ezaguna. Ospe horrek ekarri dizkio aukerak moda zutabeak eta iruzkinak idaztera  The New York Times, The Washington Post, The Financial Times edo Esquire agerkarietan. Gizonezko traje klasikoen miresle bat da, eta estilo hori defenditzen du, jostunek egindako janzkiena. Cary Grant batek soinean erakusten zuen janzkera defenditzen du.

21. mendeko ereduetan, zer egingo diogu, Felipe VI.a Espainiako erregea miresten du bere jantzuengatik. Jostun bikaina daukala uste du, eta azken urte parean sarri egin ditu iruzkinak berari buruz. Telva aldizkari espainola ere konturatu da, noski.

Eta halako hari batean gaur, berriro Felipe erregearen itxurak deskribatzen, Imanol Pradalesekin berriki egindako argazkia erakutsi du.

Batetik, Felipe VI.aren jostun-jantzian egikeran ikusten diren sorbalda eta bularralde zabal horiek, eta jakaren X formak ere, silueta sendo bat eskaintzen dute, sendotatasun itxura ematen duena gimnasiora joan beharrik gabe. "Beste gizonaren joskintza estuak aukera horiek ukatzen dizkio", ordea, Pradalesen itxura komentatuz dioena Derek Guyk.

Derek Guyren argudio eta iruzkinak elitistak direla pentsa daiteke, eta badira, baina aldi berean nolabaiteko ikuspegi ezkertiar bat ere defenditzen du bere txioetan. Bere filosofia puntu batzuetan, txio honetan, "nice little outfits" edo "jantzi apainak" esan dezakeguna defenditzeko.

  • Soldata duinak jendeak jantzi apainak erosi ditzan.
  • Etxegintza, jantziak gorde ahal izateko.
  • Doako osasungintza, jantziak soinean janzteko.
  • Klima aldaketari aurre egin, jaka freskoak jantzi ahal izateko.
  • Oinez ibiltzeko moduko hiriak, jendeak zure jantziak mirets ditzan.

Interesatzen bazaizu, horra Derek Guy

Eskerrik asko Ana Malagoni, gaurko harribitxia aurkitzeagatik.

Erantzun

Sartu