'Euskararen Normalizazioa eta Normatibizazioa XXI. Mendean' espezializazio diploma jarri dute abian Euskaltzaindiak eta Mondragon Unibertsitateak (HUHEZI fakultateak). Espezializazio diploma bat izango da, eta helburua da Euskaltzaindiaren egitasmoetan parte har dezaketen pertsonak prestatzea. UZEI eta VICOMTECH erakundeek ere kolaboratzen dute graduondoko ikasketa hauetan.
Graduondokoa modalitate erdi presentzialean egingo da. Ikastaroa 2024ko urriaren 1ean hasi eta 2025eko maiatzaren 23an amaituko da. Saio presentzialak astearte eta ostegun goizetan izango dira (10:00etatik 13:00etara), gehienak Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan Donostian.
Espezializazio diploma honekin Euskaltzaindiaren asmo zehatz bati erantzun nahi zaio. Akademiaren eginkizuna, egitasmoak eta horien gizarteratze lana egokitu eta pertsona berriak erakarri eta prestatu nahi ditu Euskaltzaindiak sorreratik dituen bi sailetan jarduteko: IKER Sailean (euskararen estandarizazioa XXI. mendean) eta JAGON Sailean (euskararen erabilera soziala sustatzea horretan diharduten gainerako eragileekin batera).
Euskaltzaindiaren dirulaguntzari esker, matrikula merkeagoa izango da (3.150 €) eta bi epe egongo dira lehena inskripzioa egiteko 2024ko irailaren 2tik 20ra; eta gero matrikula irailaren 23tik 25era.
Informazio gehiago Huheziren webgunean.
Erantzun
Sartu