Teknologia albisteak

Suitzan diote: Diru publikoa, kode publikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-08-28 : 10:34

Duela aste batzuk Suitzak lege federal aitzindaria onartu du (Europako legedietan aitzindaria), LMETA delakoa, Loi fédérale sur l’utilisation de moyens électroniques pour l’exécution des tâches des autorités frantsesez, euskara itzulita: Agintarien zereginetan bide elektronikoak erabiltzeko lege federala. Besteak beste dio legeak administrazioaren enkarguz jardunbide publikorako egindako softwarea irekia izan behar dela. Aditu batzuek honela laburtu dute: "Diru publikoa, kode publikoa".

Administrazioak berak garatzen duen softwarea, edo enkarguz beste batek egiten diona, bi kategoriak aipatzen dira legean. Salbuespena da beste hirugarren ekoizle batzuen kodea sartzen denean, edo "segurtasuna". 

Legearen 9. artikuluko puntu hauek nabarmendu daitezke bereziki:

  • Lege honen mendeko agintari federalek beren eginkizunak betetzeko garatzen dituzten edo dizkieteen softwareen iturburu-kodea argitaratuko dute, betiere hirugarrenen eskubideek edo segurtasun-arloko arrazoi garrantzitsuek aukera hori baztertzen edo mugatzen ez badute.
  • Pertsona orori baimena ematen diote software horiek erabiltzeko, garatzeko eta partekatzeko, lizentziarik ordaindu beharrik gabe.
  • Posible eta zentzuzkoa denean, nazioartean onartutako lizentzia-testuak erabiliko dira.
  • Lege honen mende dauden agintari federalek prestazio osagarriak eman ahal izango dituzte, bereziki integraziorako, mantentze-lanetarako, informazioaren edo laguntzaren segurtasuna bermatzeko, baldin eta prestazio horiek agintarien zereginak betetzeko badira eta arrazoizko kostuarekin eman badaitezke.
  • Prestazio osagarri horiengatik, kostuak estaltzen dituen ordainsaria jasoko dute. Eskumena duen sailak salbuespenak baimendu ahal izango ditu prestazio jakin batzuetarako, betiere hori sektore pribatuari eragiten ez badiote.

Adi azken bi puntuei: softwarea irekian argitaratzen da, baina zerbitzuak ere saldu/kobratu ditzake administrazioak berak, sistema horien ezarpenean. Software librearekin lan egiten duten enpresek zerbitzuak salduz negozioa egin dezaketen bezala, ikuspegi bera eraman dute Suitzan administraziora.

Erantzun

Sartu