Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic Frontier Foundation (EFF) erakundeak kaleratua, Twitterren alternatiba nagusien detaile teknikoak azaltzen, alegia, Mastodon, Bluesky, eta Threads esplikatzen. Hauetarik batek, Mastodonek, bi instantzia euskaldun ditu eta hortaz, Sustatu irakurtzen duen inork gomendiorik behar balu esango diogu erabiltzeko Mastodon.eus edo Mastodon.Jalgi.eus. Hala ere, ezagutza pixkat kontesturako ondo etor liteke.
EFF da AEBetan kokatutako fundazio bat Interneteko jarduera aske eta irekiaren aldekoa. Sare sozial hauen alderaketa dakarren artikulua hemen duzue ingelesez sakon aztertzeko, baina hona puntu batzuk ekarriko ditugu.
Hiru alternatibak;
- Mastodon da instantzia ofizial bat (eta erakunde eta enpresa propioa eratu) duen software libreko garapen bat, baina fedibertsoko printzipioei jarraiki, instantzia guztiz independentetan garatu da. Euskaraz diren biak goian dituzue klikatzeko. Sustatuk Mastodon.eus-en dauka kontua.
- Threads da Meta/Facebook-ek sortua, eta izena emateko edo erabiltzeko, Instagram kontu batetik egiten da (Instagram ere Metarena da noski, eta Whatsapp ere bai, bide batez).
- Bluesky da, beste batzuen artean, Twitterreko Jack Dorsey fundatzaileak sortutako enpresa bat.
Twitterren izaera itxi eta nolabait isolatuaren ondoan, bi protokolo irekiagok gidatzen dute hiru horien teknologia:
- ActivityPub erabiltzen dute Threadsek eta Mastodonek, eta W3C partzuergo irekiak (Interneteko gobernantzako erakundea) babesten du. Toki batean duzun jarduna beste batzuetara zabaltzeko modua ematen du. Egiazki Threadsek protokoloaren aukera gutxiago erabiltzen ditu praktikan une honetan: Mastodoneko edukia ikus daiteke Threads barruan, baina erantzun interakzioa ez, dirudienez; baina bai irekiko dutela gehiago, EFF-k dioenez. Mastodonen instantzia desberdinen interakzio oso handia da protokolo honi esker, kontua izan dezakezu euskarazko Mastodon batean, eta beste instantzietako erdarazko kontuak jarraitu, erantzun, eta abar.
- AT Protocol, kode irekia du, baina Bluesky-ra lotua dago, eta zentralizatua dago gehienbat, nahiz eta promesa bat baduen berekin irekitasunerako.
Timelinearen izaera. Gogoratu Twitterren bi modu nagusi daudela, algoritmikoa (sistemak edo X-k erabakitzen du zer ematen dizun irakurtzeko), edo kronologikoa (zuk jarraitzen dituzun kontuen edukia, kronologikoki). Bigarren modu horrek salbatzen du X/Twitterren baliagarritasun probisionala oraingoz, Sustaturen iritziz. Beste alternatiba hauei dagokionez:
- Mastodoneko bista nagusia kronologikoa da, zuk jarraitzen duzunarena. Instantzia zehatza ez bada oso handia, euskarazkoen kasuan bezala, jardun oso kronologikoa ere ikus daiteke.
- Threads-en timeline edo jarioa algoritmikoa da: Instagramen bezalatsu. Metak erabakitzen du zuri zer erakutsi.
- Bluesky-n bista kronologikoa da nagusi, baina app bidez eta erabiltzaile baten ezarpenen arabera moldaketa algoritmikoak ezar daitezke.
Moderazioan edo eduki desegokiaren kontrola:
- Mastodoneko instantzia bakoitzak bere arauak ezar ditzake, eta oro har, horiek betetzen ez dituztenak komunitatetik egoztea erraza da. Mastodon.eus-eko arauetan adibidez jarraibide batzuk daude euskarazko jarduna dela bertakoa gogoratzeko. Arrazismoa, nazismoaren apologia edo transfobia ere debekatuta daude mezuetan, eta hala dabilenari kontua itxiko zaio. Era berean, Mastodon darabilten instantzia guztien artean printzipioz Fedibertsoko federazioa edo elkarlotura garatzen den arren, de-federazioa ere esistitzen da: esate baterako, Gab izeneko instantzia ultraeskuindar bat zegoen AEBetan, eta moztu egin zitzaion konexioa beste Mastodon federatuekin.
- Threads-en jardun politikoa gutxitzeko gogo moduko bat badago, baina funtsean Metaren Instagram-eko edo Facebook-eko politikak espero ditzakezu.
- Bluesky-n "giro on" modu ez-polemiko bat dagoela oraingoz dio EFF-k, Twitterreko hastapenetan bezalatsu edo.
Mezu zuzenak. Hiru alternatibetan egin daitezke, baina adi, ze ez ActivityPub zein AT Protocol sistemek ez dute bidalketen enkriptazio osorik oraingoz, eta hortaz:
- Mastodonen mezu zuzenak trukatzen badituzu beste erabiltzaile batekin, printzipioz instantzien sistema-arduradunek ikus ditzakete. Seguru gaude euskal instantzietan ez daudela horretarako, dena den.
- Threads-en kasuan, mezu zuzenak Instagram azpiegitura paralelotik egiten dira. Meta-ren politika orokorren mendean dago pribatutasuna.
- Bluesky-n mezu zuzenak bakarrik dira posible app bertsioan, baina kudeatzaileek ikus ditzakete. Enkriptatze planak ba omen daude bere AT Protocol delakoan ezartzeko.
Inter-operabilitate orokorra. Nola protokolo irekitan dauden eraikiak hiru sistemak, EFF-k aipatzen du akaso ez dagoela hautatu beharrik ze batetik besterako lotura gurutzatuak posible izan daitezke. Inter-konexiorako tresna hauek aipatzen dituzte, adibidez:
- Bridgy Fed eta SkyBridge Bluesky lotzen dutenak Mastordonekin.
- RSS Parrot: RSS jarioak eskaintzen dituzten iturriak jarrai ditzakezu Mastodon kontu baten bidez, jario-irakurgailu pertsonal bilakatuz zure Mastodon kontua.
- Mastofeed: aurrekoaren osagarri edo, RSS batetik zure Mastodon kontura argitaratze zuzena antola dezakezu.
Eta hasierako gomendiora itzuliz, erabili:
Irudia; Mastodoneko instantzien ongietorria, Wikimedia Commons.
Erantzun
Sartu