Teknologia albisteak

Microsoft eta Ertzaintza elkarlanean ikasle "ziberburutsuak" hezitzeko EAEn

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-08-14 : 15:16

Jaurlaritzak eta Microsoftek hitzarmena sinatu zuten duela egun batzuk, Ertzaintzaren bitartez EAEko ikastetzeetan ziber-segurtasunerako formakuntza sustatzeko. Hitzarmenaren arabera, "Microsoftek Euskadiko ikastetxeetako ikasleei sareko segurtasuneko hainbat alderdiri buruz informazioa emateko eta ikasleak kontzientziatzeko Ertzaintzak egiten duen lana hobetzeko beharrezko baliabideak jarriko ditu," zabaldutako prentsa oharraren arabera. Helburua: euskal gizarteak eta bereziki ikasleek zibersegurtasunaren arloko jardunbide onenak ikas ditzaten eta "ziberburutsuak" nola izan jakin dezaten. 

Ertzaintzaren “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” taldea arduratzen da Euskadiko ikastetxeetan segurtasun publikoaren alderdiei buruzko sentsibilizazio-programak emateaz, eta talde horrek erabiliko ditu Micrsofoten baliabideak.

Protokolo horrek urtebeteko iraupena izango du, eta beste urtebetez luzatu ahal izango da. Lankidetza honako arlo hauetan garatuko da:

  • Prestakuntza eta baliabideak partekatzea Ertzaintzako taldeei segurtasunaren arloko trebetasun teknikoak eta gaitasunak garatzen eta eguneratuta mantentzen laguntzeko.
  • Aholkularitza eta orientazioa ematea prebentzio- eta komunikazio-programen eraginkortasuna hobetzeko moduari buruz, bai eta Ertzaintzaren eta beste erakunde batzuen arteko komunikazioa eta lankidetza hobetzen lagundu dezaketen tresna eta teknologiei buruz ere.
  • Komunitatean prebentzioa eta komunikazioa sustatzeko ekitaldien eta jardueren antolaketan elkarlanean jardutea.

Irudia; Irekia, Eusko Jaurlaritza.

Erantzun

Sartu