Duela aste batzuk itxi zen Google Podcasts, Googleren podkast zerbitzu eta aplikazioa. Baina Googlek badu oraindik podkast plataforma bat: Youtube da, besterik gabe.
Batetik, podkast deitzen diren produktu asko bideo-podkast gisa garatu izan dira azken urteetan, hizlariak bideoz grabatuta berriketan ari direla... Youtuben eta beste bideo-plataforma batzuetan horretan zabaltzen dira. Adibidez, BTN bertsolaritza eta abarren inguruko podkasta, Argiak ekoitzia. Audio eran Baleafunk fedibertsoko plataforman aurki dezakezu, baina Youtubera bideoak ere igotzen dituzte podcast horrenak.
Hala ere, Argiaren podkastak Youtuben erreprodukzio zerrenda gisa daude. Baina beste ekoizle batzuek jada podkast fitxa daukate Youtuben, eta espezifikoki horrela markatzen dituzte. Ikus bereizketa Argiaren eta EITBren Youtubeko orrien bista hauetan.
EITBk edo Berriak beren podkastetako batzuk Youtubera era honetan ekarri dituztela ikusi dugu. Ez beren podkast guztiak, dena dela. Behin podkasta Youtuben dagoela bere erreprodukzio modua moldatua ageri da, hala nola Berriaren Ezer Ez Eta Festa hizkuntzari buruzko podkastean:
Beren podkast-guneetatik (EITBrena, Berriarena) podkast guztiak eroango dituzte Youtubera ekoizle hauek? eta beste podkastgile euskaldunek ere aprobetxatuko dute Youtube ere banaketa plataforma bihurtzeko? Ikusiko da. Jakin badakigu EITB audio-streamingeko Guau izeneko plataforma eraikitzen ari dela, baina hori bateragarri izan daiteke Youtube erabiltzen jarraitzearekin.
Podkastgileen aukerak horiek; erabiltzaileen aldetik, Google Podcasts norberak podkastak jarraitzeko tresna ere bazen-eta, Googlek eskaintzen du alternatiba bat (abuztuaren 29a arte aprobetxatu daitekeena): zure Google kontuaren bidez podkast harpidetzen migrazioa egin dezakezu Youtube Music zerbitzura. Kontua sortua bazenuen Google Podcasts-en begiratu e-postan, mezuren bat izango duzu hori nola egin azaltzen duena.
Erantzun
Sartu