Teknologia albisteak

Bidasoaren bi aldeetako loturak estutzeko 8 proieku Ideiak 2024 ekimenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-07-27 : 11:22

Ongizatea eta kultura sustatuko dituzten mugaz gaindiko zortzi proiektu berri bultzatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Ideiak 2024’ deialdia behin ebatzita. 150.000 euro bideratuko dira Bidasoaren bi aldeetako loturak estutzeko ekimenetara.

Hautaketa prozesuan herritarren partaidetza eta bozkak ere izan dira tartean, eta azkenean, emaitzaren arabera, hauek dira Ideiak 2024 deialdiaren baitan gauzatuko diren proiektuak:

  • Ahotsak mugaz gaindi (Onuradunak: Landarbaso eta Landarbaso Txiki abesbatzak eta Lilia elkartea). Kantu koralaren bidez mugaren bi aldeetako loturak sendotzeko ekimena. Euskal musika folklorikoko kontzertuak antolatuko dira Gipuzkoan eta Iparraldean, beren-beregi prestatu eta landutako errepertorio berezi batekin. (20.000 euroko laguntza)
  • Digitalizazio arduratsua (Onuradunak: Iametza enpresa eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoa). Teknologiaren erabileran modu arduratsuan hezteko materiala sortuko da L.H., D.B.H. eta Batxilergo mailetarako. Podcast bat ere jarriko da martxan eta teknologia libreei buruzko topaketa antolatuko dute. (20.000 euroko laguntza)
  • EMAKUMélan (Onuradunak: ASPEGI eta Andere Nahia elkartea) Emakume ikasle gazteak eta Gipuzkoako eta Akitaniako enpresetako emakume liderrak harremanetan jartzeko ekimena, emakumeen lidergoan sakontzeko. Urria eta otsaila bitartean enpresetara bisitak eta topaketak antolatuko dira. (20.000 euroko laguntza)
  • Mugi mugak (Onuradunak: UPV/EHU eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua) Mugaren bi aldeetako gazteen arteko loturak ehuntzeko ekimena da, ikerketa baten bidez nortasunak eta ohitura politikoak aztertuko dituena. Irailetik azarora bitartean garatuko da ikerketa lana. (20.000 euroko laguntza).
  • Gazteak ON (Onuradunak: Maïa permaculture eta Les ami.e.s D’Hendaiakoop). Elikaduraren inguruko sentsibilizazioaren gaiari helduta, bideo-ideia lehiaketa bat deituko da. (20.000 euroko laguntza)
  • Uhinak. Klima aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko VI. kongresua (Onuradunak: Ficoba Fundazioa eta Euskal Hirigune Elkargoa) Arku Atlantikoko kostaldean klima aldaketaren eta muturreko gertakarien ondorioak ulertzeko eta aurre egiteko kongresua, urrian. (20.000 euroko laguntza).
  • Gazteak mugaz gaindi (Gukmedia kultur elkartea eta SCIC Iparla Baigura Komunikazioa). Ikus-entzunezko sorta ekoiztuko dute (podcastak eta erreportaje idatziak) gazteek egindako mugaz gaindiko proiektuak eta politika publikoak ikusarazteko. (20.000 euroko dirulaguntza)
  • Ikusi Mikusi (Onuradunak: Mari Gorri elkartea eta Galtzagorri elkartea) Lapurdin egiten den Ikusi Mikusi haurrentzako literatura azokan Gipuzkoarren partaidetza sustatzeko ekimena; haur, gazte, antzerkigile, aktore, idazle, ilustratzaile, kontalari eta abarrei zuzendua. (10.000 euroko dirulaguntza)

Informazio gehiago, hemen.

Erantzun

Sartu