Teknologia albisteak

Claude, euskaraz oso txukun egiten duen beste adimen artifizial bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-07-23 : 08:34

Ekainean kaleratu zuen Anthropic enpresak Claude adimen artifizialaren (AA) Claude 3.5 Sonnet izeneko bertsioa.  Eta joan den asteko nobedadea, Android aplikazioa. AA inbento hauek jada ohituta gauzkaten bezala, euskaraz oso txukun aritzen da. Beñat Erezuma AA aditu euskaldunak ChatGPTren alternatiba egokitzat aurkeztu du Teknologia Pilulak bere telegram kanalean, eta kasu egin diogu, aproba batzuk eginez.

Web bidez erregistroa egin ondoren erabili daiteke. Doako bertsioak ez ditu aukera guztiak, baina nahiko ondo dabil. Pro bertsioa 22 euro dira hileko.

Euskaraz ondo dabilela testeatzeko, goian irudia, eta hemen testua. Zirku erromatarra agertu dela Veleian eta... ba egitura horiei buruz galdetu diogu. Txukun erantzun digu, ergatiboa tokatzen zenean ere ondo jarrita hura:

Zirku erromatarrei buruz jakin nahi dut

Noski, zirku erromatarrari buruz hitz egingo dizut. Hona hemen zenbait puntu interesgarri:

  1. Definizioa: Zirku erromatarra antzinako Erroman zaldi- eta gurdi-lasterketak egiteko erabiltzen zen eraikuntza handia zen.
  2. Egitura: Luzanga zen, U formakoa, mutur batean kurba zuelarik. Erdian 'spina' izeneko horma bat zegoen, zeinaren inguruan egiten ziren lasterketak.
  3. Ezagunena: Circus Maximus zen handiena eta ospetsuena, Erroman kokatua. 150.000 ikusle inguru har zitzakeen.
  4. Lasterketak: Normalean lau gurdi lehiatzen ziren aldi berean, bakoitza lau zaldik tiratua.
  5. Gizarte-garrantzia: Zirku-ikuskizunak oso popularrak ziren, eta askotan tentsio politiko eta sozialak askatzeko balio zuten.
  6. Beste erabilerak: Lasterketez gain, beste ikuskizun batzuk ere egiten ziren bertan, hala nola gladiadoreen borrokak edo animalia-ehizak.

Reka eta beste AA batzuek bezala, irudia eman eta analisatzen daki Claudek. Meme kaskar bat kargatu diogu, eta hala erantzun digu, deskribapen nahiko txukun bat osatuz: "Irudi hau meme edo umorezko edizio bat dela dirudi, antzinako epopeia film ospetsu bati euskarazko elementu moderno bat gehituz, efektu komikoa lortzeko." Tira, ez du lotu Agur Ben-Hur esamoldearekin, baina... bikain!

 

Claude da Anthropic enpresaren produktua, eta Anthorpic sortu zuten 2021ean OpenAI enpresatik (ChatGPT-ren sortzaileak) alde egindako ekintzaile batzuek. Milioika dolar ari dira inberitzen, besteak beste Google-ren matrizetik, Alphabet enpresatik (Googlek Gemini izeneko proiektu propioa baduen arren).

Claude erabiltzeko:

Erantzun

Sartu