'Noeren ontzia' webgune didaktikoa sortu du Euskaltzaindiak
'Noeren ontzia' izendatu duen webgune prestatu du Euskaltzaindiak, "denon memoria literario komuna osatzeko ahalegina", hezkuntzarako euskarazko testuen biltegi bat. Garai eta euskalki guztietako testu hautatuak eskaintzen ditu baliabide digital berri honak, euskaraz sortuak edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarriak. Testuak online eskuragarri daude, eta material berriekin hornituko dira aurrerantzean, profesional-talde batek editatuta, argazkiez edo bestelako irudiez jantzirik, eta esteka gehigarriekin.
Asmo didaktikoz, DBHko, Batxilergoko eta unibertsitateko ikasleak gogoan hartuta atondu da webgunea, baita euskaltegi zein hizkuntza-eskolak kontuan hartuta.
Adibide batzuk:
- Hizkuntzen berdintasunaz, Juan Carlos Moreno Cabreraren testuarekin.
- "Gasteiz osoa kalean", 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren inguruan, Juan Jose Zearretak aste hartan bertan Anaitasunan argitaratutakoarekin.
- Errusiako Gerrako haurrak.
- Ligiko zubia, ahozko literaturaren adibide bat.
- Abesti baten inguruan: Goizian argi hastian.
Noeren Ontzia egitasmoaren koordinatzailea Asun Garikano euskaltzain osoa da. “Irautea eta zabaltzea merezi duten testuak ari gara jasotzen Noeren ontzian”, adierazi zuen ekimenaren aurkezpenan. “Gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura-produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara. Gure literatura-ondarea, eta kultura-ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza-komunitatearen eskura”.
Bisitatu eta ezagutu https://www.euskaltzaindia.eus/noeren-ontzia/
Erantzunak kargatzen...