Teknologia albisteak

Aiaraldean tokiko euskarazko hedabideak jasandako laguntza etena zuzentzeko deia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-06-12 : 09:05

Bizkaia eta Araba arteko eskualdea da Aiaraldea, eta bertako euskarazko tokiko komunikabideak (euskarazko bakarra inguruan) izen bera du: Aiaraldea.eus webgunea eta paperezko hamabostekari batek osatua da (Aiaraldea Hemen). Berriki, proiektuaren bideragarritasuna kolokan jartzen duen erabakia jakin dute, eskualdeko udal nagusietako batek, Amurriokoak, dirulaguntza kendu diola. Laguntza hori itzultzeko agiria kaleratu eta sinadura bilketa abiatu dute. 

Laudio, Urduña, Aiara, Okondo, Artziniega, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko Udalek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak babestu eta laguntzen dute diruz Aiaraldea, baina aurten salbuespena bilakatu da Amurrioko Udala, 6.000 euroko dirulaguntza kendu baitio, Aiaraldeak berak maiatzean iragarri zuenez.

Gertaera oso larria eta onartezina deritzote tokiko hedabidekoek gertatuari, eta orain agiria kaleratu dute, Amurrion euskaraz bizi nahi dugu! izenarekin.

Azalpen batzuen ondoren, hiru puntutan biltzen dute eskatzen dutena:

  1. Amurrioko Udalak udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzea, euren aldarri eta proposamenak babestea eta horietan aktiboki parte hartzea, modu horretan, euskararen biziberritzean eragile aktibo bilakatzeko.

  2. Amurrioko Udala Aiaraldea Komunikabidearekin biltzea, bi entitateen arteko elkarlana berriz martxan jarri eta normalizatzeko.

  3. Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion diru-laguntza berrezartzea eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea, eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz.

Atxikimendua eman diezaiokezue honi hemen.

Auzia ez bada konpontzen elkarretaratzea deitu dute datorren ekainaren 21erako. Amurrion 19:30etan Juan de Urrutia plazan elkartzeko deialdia da.

Informazio gehiago, Aiaraldea.eus-en.

Erantzun

Sartu